argia.eus
INPRIMATU
“Zirkulatu: Europa zabal baten alde” igandean Donostian
  • Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeak “Europa zabal” baten aldeko aldarria egingo du igandean. 11:30ean Trintxerpeko merkatutik aterako da martxa eta Donostiako Boulebarrera iritsiko da.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 20a
Azken 25 urteetan migrazio politikek 20.000 pertsonaren heriotza eragin dute Europako mugetan. Iruditan Ceutako hesian ateratako argazkia.

Azken 25 urteetan migrazio politikek 20.000 pertsonaren heriotza eragin dute Europako mugetan. Horregatik, “Zirkulatu: Europa zabal baten alde” lemapean egingo da mobilizazioa.

Urtero antolatu ohi dute, eta aurten hamazazpigarrena izango da.

58 erakunde sozial eta sindikalen atxikimendua lortu dute. Maiatzeko hauteskundeetan hautatuko den Europako Parlamentu berriak egun indarrean dauden migrazio politikak alda ditzan nahi dute. Mobilizazioarekin Europar Batasunean etorkinen bazterkeriaren aurka borroka egin eta mugimendu askatasuna aintzat hartzea eskatuko dute.

Migrazioen saldo negatiboa

Gipuzkoako SOS Arrazakeriako bozeramaile den Agustin Unzurrunzagak azaldu du “etorkinen inbasio moduko baten aurrean” gaudela sinetsi dutela askok, sentsazio hori zabaldu baita, egoera guztiz bestelakoa bada ere: Estatu espainiarrean, Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2010etik emigrazio gehiago egon dira immigrazioak baino. 591.515 pertsona atera dira Espainiako Estatutik, aldiz 291.909 sartu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, Unzurrunzagaren esanetan, hirukoitza izan da etorkinekin konparatuta alde egin dutenen kopurua 2013. urtean: 12.400 herritar kanpora joan ziren, eta 4.600 etorkin iritsi.