argia.eus
INPRIMATU
Zirkuito laburrak, ideia luzeak
  • Bordaleko unibertsitatean aurkeztua izan da berriki lan balios bat, soziologiako masterraren menturan. Armelle Gomez baionesak Ipar Euskal Herriko zirkuito laburren esperienzieri buruz ereman du ikerketa mamitsu bat. Prozesuaren harat-hunateri buruz emaiten dituen xehetasunez gain, lanaren ekarpen nagusietarik bat da eragileek adierazten dituzten arrazoinak dituela agerian ezartzen.

Laborari 2013ko irailaren 10

2000-2010 hamarkadan ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko diskurtso amankomun bat nola garatu den erakusten du, zointan elgarri lotzen diren tokiko eta mundu mailako kezkak eta irtenbide alternatiboak. Elikadura burujabetzaren diskurtsoa sektore desberdinen juntatik dario.

Kontsumitzaile militanteak frangotan ekolojismotik eta hiritik heldu dira, batzutan “lurramaren” ikuspegi kasik espiritualista batekin.  Ekoizleak aldiz laborarien aspaldiko borroka kolektiboetatik heldu dira, funtsezko oinarri sindikal eta politiko batekin. Lan hortan untsa erakutsia da konzeptuak -eta beren “itzulpenak”- nola ibiltzen diren mundutik lurraldetarat, eta alderantziz.

Zirkuito laburren eredua utopikoa da, sentsu baikorrean. Transakzio ekonomiko xoilaz aparte, gizartearen eraldatzeko asmo bat dakarka. Utopia hortan juntatzen dira ikuspegi eta sinesmen desberdinak. Batzu borroko kolektiboetatik doatzi, bertze batzuk aldiz neoliberalismoaren kritika indibidualismo erradikala batean oinarritzen dute. Orohar, ekonomia alternatiboen galaxian denetarik aurkitzen da: ezkerreko mugimenduak, laborariak, ingurumenzaleak bainan baita ere girixtino kritiko historikoak, bake mugimenduak, mugimendu espiritualista edo new age-ak. Koalizio negatibo horrek emaitza baikorrak ere ukan ditu, zirkuito laburrak barne.

Hasteko, euskal gizarte ekonomiaren ixtorioari begiratuz, interesgarria da ikustea orain dela berrogoi bat urte ekoizpena zera politizatua: lana herrian, ekoizpen tresnak langilen esku, lurra laborarientzat, borroka sindikalak. 1975-1980 urteetan abiatu langile kooperatiben helburua zen Euskal Herri barnekaldearen industrializatzea, Goierriko ereduarekin –etzen orduan baitezpada ingurumenik aipu-, laborantxa azkar eta beregain batekin batera. Azken hamarhamabortz urteetan kontsumoa ere politizatu da : zirkuito laburrak, bainan baita ere bidezko merkataritza, edo berrikiago eusko monetarekin.

Erranahien lerratze hori interesgarria da, oraindik herritar gehiago inplikatzen dituelako, bakotxaren kezka bereziak lurralde ikuspegi orokor batean kokatuz.

X. Itzaina