Bilboko Zirika! gune autogestionatuak jendartearen babes ekonomikoa eskatu du, proiektua sendotu ahal izateko. Gunean hobekuntzak egin nahi dituzte, “praktikoagoa, irekiagoa eta hobea” izateko.
Zirika! herri gunea 2013an ireki zen eta ordutik proiektu anitzetarako erabili izan da. “Eraldaketa eta sormen politikorako” espazio gisa sortu zuten. Erabiltzaileen eskura dago eta eskaintzen diren jarduerak doakoak dira. Urteak pasa ahala Zirika! erreferente bihurtu da Bilboko herri mugimenduentzat. Orain, gizartearen erantzunak bultzatuta, proiektua sendotzea erabaki dute.
Hauek dira egin nahi dituzten berrikuntzak: espazioa guztiz berrantolatu, haurrentzako gunea sortu, herri mugimenduei material gehiago eskaini eta jardueren inguruko informazioa zabaltzeko webgunea sortu, besteak beste. “Horretarako ditugun baliabide ekonomikoak oso mugatuak dira”, azaldu dute. Cowfunding-aren bitartez gutxienez 8.000 lortzea espero dute.
“Jauzi bat egin nahi dugu, guztiontzako Bilbo eraikitzeko”, adierazi dute.