Irailaren 7tik urriaren 15era arte iraungo du diru bilketa prozesuak eta itsulapikoa.eus bidez egingo da. Bertan biltzen denarekin erosi nahi dituzte Ziordiko mojen komentua eta haren lurrak.
2017an egin zituen lehen urratsak Amarauna elkarteak, komentuan bizi ziren mojek alde egin eta eraikina eta lurrak erabiltzen utzi zietenean. Heldu eta ume artean, gaur egun dozena bat pertsonatik gora bizi da bertan eta haien bizitza proiektua herri mugimenduari eskaintzen dioten zerbitzuarekin lotu nahi dute.
Espazioa eskuratu zutenetik, dozenaka elkarte eta erakunde pasatu dira Amaraunak kudeatzen duen espazio autogestionatutik, jardunaldiak, topaketak eta bilerak eginez. Etorkizunean ere, eskaintza hori ematea proiektuaren ardatzetakoa da. 2018an mojek espazioa erosteko aukera eman zieten eta bizilagunek jarritako dirua, maileguak eta crowdfundingaren bidez ari dira biltzen datorren abendurako ordaindu beharko duten diru kopurua.