Maider Oleaga, Leire San Martin eta Maider Fernandez Iriarteren arteko solasaldi digitala antolatu du Tabakalerak ostiral honetan. Bakoitzak film baten pasartea aukeratuz, 19:00etan abiatuko da erreferente zinematografikoak ardatz izango dituen saioa eta streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Ez dira munduko garairik errazenak programazio kulturalarentzat, baina hala ere, bizi dugun egoera berezi honetara moldatuta, aurrera egin dute zenbait ekitaldi kulturalek. Donostiako Tabakalera kultura garaikideko zentroak, adibidez, #TabakaleraEtxean leloa hartuta, etxetik jarraitzeko moduko ekitaldiak ari da antolatzen. Ostiraletan, Hiru Begirada, hiru pasarte zikloa antolatu dute.
Emakume zinegileei buruzko mahai-inguruak dira eta protagonistak zinemarekin eta feminismoarekin lotura duten pertsonak. Solasaldien mekanika honakoa da: gonbidatuetako bakoitzak film baten pasartea aukeratuko du eta hortik abiatuta, gai orokorragoetara joko dute, betiere zinema erdigunean jarrita.
Ostiral honetan egingo dute laugarren saioa, euskaraz egingo den lehenbizikoa. Maider Fernandez Iriarte –Las letras de Jordi filmarekin zeresana eman duen zuzendaria–, Maider Oleaga –Muga deitzen da pausoa eta Iragan gunea Berlin lanen egilea, besteak beste– eta Leire San Martin –Tabakalerako hezkuntza arduraduna eta Feministaldia jaialdiko koordinatzailea– izango dira hizlariak. Lur Olaizola, Tabakalerako zine unitateko koordinatzaileak eta zinegileak gidatuko du euren arteko solasaldia.
19:00etan hasiko den saioa beheko pantailan jarraitu ahal izango da zuzenean.