argia.eus
INPRIMATU
‘Sparrows’ film islandiarrak irabazi du Urrezko Maskorra
  • Rúnar Rúnarsson zuzendari islandiarraren Sparrows filmak irabazi du film onenaren Urrezko Maskorra Donostiako Zinemaldian,.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko irailaren 26a
Sparrows film intimistak irabazi du Donostiako sari nagusia.

Helduleko emozionalak aurkitzeko zailtasunei buruzko filma da aurtengo sari nagusiaren irabazlea eta bereziki interesgarria da pelikula intimista honek gure gizarteetan nagusia den maskulinitate ereduaz egiten den irakurketa.

Javier Camarak eta Ricardo Darinek irabazi dute gizonezko aktore onenen saria, Truman filmean egindako lanarengatik. Emakumezko aktore onenarena berriz, Yordanka Ariosak eskuratu du El rey de La Habanan egindako lanarengatik.

Orokorrean aurreikusteko modukoa izan den palmaresaren barruan, bat baino gehiago harritu da gidoi onenaren saria 21 nuits avec Pattie frantziarrak irabazi duela jakinarazi denean. Zinema galiarrak beste bi sari ere eramango ditu Donostiatik: Evolutionentzat izan dira larunbat gauean banatu diren argazki onenaren saria eta epaimahaiaren sari berezia.

Joachim Lafosse belgikarrak irabazi du, bestalde, zuzendari onenarena, Les chevaliers blancsen egindako lanarengatik.

Amamarentzat euskal zinemaren saria

Euskal zinemaren Irizar saria irabazi du Sail Ofizialean lehiatu den Asier Altunaren Amama filmak. Zuzendari bergararrak jaio zen baserria izan du gogoan saria jasotzerako unean.

Palmares ofizialetik kanpoko gainontzeko sarien artean, nabarmentzekoa da Hirokazu Kore-eda zuzenariaren Umimachi Diary filmak lortu duen publikoaren saria. Europako film onenaren saria berriz, Mountains may departentzat izan da.

Informazio gehiago:

Ikusi Donostiako Zinemaldiko palmaresa osorik, festibalaren webgune ofizialean.