argia.eus
INPRIMATU
Donostia Zinemaldia 8. eguna
Zinemaldiko amek ez dute

Ixone Santamaria 2022ko irailaren 24a
'Heartbeat' filmeko fotograma.

Protagonistaren tamainako obra hunkigarria ekarri du Lee Changdongek Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailera. Hogeita hamar minutu baino ez du irauten zortzi urteko Chun haurraren istorioa kontatzen duen Heartbeat film laburrak. Depresioak jota dagoen amaren ongizateak kezkatuta, ikasgelako mahaitik altxatu eta ikastetxetik ihesi doa Chun. Etxean amak bizirik jarraitzen ote duen ziurtatu nahi du.

Formatu eta protagonista txikiak, gai eta beldur neurrigabeak. Hogeita hamar minutuak hartzen dituen plano sekuentzia bakarrean dago grabatuta Heartbeat. Chunen arduraren neurriaz jabetzen garen unetik, arnasestuka uzten gaitu filmak, hain zuzen ere, gai malkartsuen aieru izan ohi da Changdongen sinadura. Ikastetxetik etxera garamatzan lasterraldian, umearen aurpegia baino ez dugu ikusten lehen planoan. Chunen ezinegon eta negar zotinekin identifikatzen gara, hiri zaratatsuaren zein oinezko axolagabeen esamesak pantailaren atzealdean lausotzen direlarik. Hala, haurraren aurpegiaren altueran dagoen kamerak helduen mundua, geure mundua, desnaturalizatzera gonbidatzen gaitu. Nola da posible Chun txikiak hau jasan behar izatea? Eta, harago, nola da posible inork hau jasan behar izatea?

Umeen mundua zipriztindu beharko ez lukeen biolentziaz dihardu Lee Changdongek; Chunen kasuan, amaren gaixotasunaz eta lanpostua galdu berri duen aita grebalariaren egoeraz. Muturreraino luzatzen du zuzendariak erresumina, azken unean, kamera mugimendu soil baten bitartez, korapilo dramatikoa askatzen duen arte. Lehen aldiz umearen aurpegia ahaztu eta motelki gora doa kamera, amaren aurpegia topatu arte. Orduan, ama lehen aldiz ikusten dugunean, hark ere saihetsetan gordeak dituenak imajinatzen hasten gara. Bere minarekin identifikatzen gara. Hala, Chunen ezinegona sortzeagatik kulpaduna zirudien emakumearen bizitza, haurrarena bezala, eguneroko biolentziak ere zeharkatzen duela gogoratzen dugu.

 

Manto de Gemas filmeko fotograma.

Iraupen luzeagoa, garapen mantsoagoa eta muntaketa lan korapilatsua dira, Heartbeat-ekin alderatuz gero, Manto de Gemas Natalia López Gallardoren lehen film luzearen ezaugarriak. Changdongenarekin batera, Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatzen da eta, honetan ere, ama zorigaiztokoak ditugu protagonista. Mexikoko landa-eremuan ezbeharrak lotzen ditu hiru emakumeren bizitzak: seme nagusia narkotrafikatzaile bihurtzeko prozesuaren lekuko den ama polizia, desagertutako alabaren bila ari den zerbitzaria eta, dibortziatu ostean, hiritik landara doan familia oneko emakumea. Hiru andreen hautu eta erronkek ardaztutako argumentua pasarte ezberdinetan dago banatua. Gertaera batetik bestera goaz, mosaikoa eraikitzen.

Basamortu idorren irudiek eta bero itogarriaren sentsazioak azkar ematen dute aditzera udako lasaitasun geldiaren atzean ezkutatzen den terrorea. Era beran, sekuentzia bakoitzean giroa betetzen duen hondoko zarata zehaztugabeak azkar bilakatzen dira larritasunaren zantzu. Gutxika, beraz, filmeko agertoki nagusietako bat den etxeari gertatu bezala, urak hartuko gaitu eta sugez beteko da dena.

Filmak egiten duen biolentzia sistemikoaren –ia genealogikoaren– lanketa eta, bereziki, hori gainditzeko aukeraren inguruko hausnarketa nabarmena iruditu zait. Hori esanda, ez dut uste filmak gai interesgarriari heltzeko doinu aproposa erdiesten duenik. Pasarte batetik bestera ikusleak jasotzen dituen sentsazioak oso ezberdinak dira; ondorioz, tramaren garapenean eragina duten hainbat hauturen justifikazioak eskasa dirudi eta egoera askoren zentzua galtzen da. Filma amaitu denetik denbora luzetxo pasa bada ere, hari argumentalaren pisua daraman emakumearen motibazioa zein den asmatzen nabil oraindik. Akaso, berrogei urteetako krisia bere salbatzaile-konplexua asetzen igarotzea eta, denbora batez, pobreen jolasetara jolastea.

Bisualki ere zenbait klixetan erortzen dela esango nuke. Adibidez, aurtengo Zinemaldiko hainbat emanalditan bezala, honetan ere ikusi ahal izan dugu azkenaldian etengabe errepikatzen den formula: pertsonaien lepondoari begira uzten gaituzten plano luzeak. Lepondoak, lepondoak eta lepondoak. Errepikapenaren poderioz kitzikagarria izateko gaitasuna galdu du irudiak. Era berean, itzelak diren paisaien plano zabalen eta pertsonaia nagusien aurpegien lehen plano sentiberen konbinazioa akitu arte ere agortzen du filmak.

Finean, Manto de gemas horixe iruditu zait, harribitxiz egindako kapa: arrandian erortzeko arriskutik oso gertu eta, aldi berean, berezkoa zaion xedea egoki betetzen ez duen sorkuntza.