Zinemaldiak Johnny Depp sarituko zuela jakinarazi zuenean sortutako kritikak direla-eta, (H)emen elkartearekin batera genero berdintasunaren inguruan hausnartzeko eta gogoeta sustatzeko eztaibada gunea sortu dute.
Zinemaldiak abuztuaren 8an jakinarazi zuen 69. jaialdiko Donostiako saria Johnny Depp aktore estatubatuar ezagunari emango ziola. Emakume Zinemagileen elkarteek eta alderdi politikoek hautua salatu zuten, Deppek emazte ohiari tratu txarrak egin izanaren salaketak jaso dituelako. Sare sozialetan ere kritika ugari jaso ditu jaialdiak hartutako erabakiarengatik.
Hori dela-eta, (H)emen Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak eta Zinemaldiak jaialdiaren kode etikoaren inguruko eztabaida saioa egitea erabaki dute. Zinemaldiak gogoeta egin eta kontra ageri diren elkarteen iritziak entzun nahi dituela adierazi du, eta horretarako sortu dute eztabaidarako jardunaldia.
Genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaien inguruan hausnartzeko espazioa izango da, eta akordio eta konpromiso publiko eta adostuak lortzeko aukera sortu nahi dute. (H)emeneko zuzendari den Lara Izagirrerek ondorengoa adierazi du: “Emakumeok gaur egungo krisien ondoriorik gogorrenak bizi ditugu, Simone de Beauvoirrek ohartarazi zigun bezala. Une kritikoa da guretzat, eta (H)emen elkartekook uste dugu beharrezkoa dela eztabaidatzea eta hausnartzea. Eskerrak eman nahi dizkizuegu mundua ikusteko dugun modua eta Zinemaldiak hartu dituen azken erabakiei buruzko gogoetak partekatzeko aukera emateagatik. Alabaina, hartu beharreko erabakien parte izan nahi dugu batez ere. Uste osoa dugu pentsamendu eta eztabaida feministak etorkizun eta adostasun-leku berriak ekar ditzaketela, Zinemaldi berdinzaleagoa eta askotarikoagoa sortzeko. Zinemako emakumeentzako leku segurua, gizartea hobeto ordezkatuko duen lekua”.
Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, “pertsonen eta kolektiboen arteko banaketa gertatzen ari da, baina, nire ustez, jomuga komunak ditugu denok. Jardunaldi honen helburua da denboraz eta patxadaz eztabaidatzea, konpromisoak hartzen saiatzea eta ondorioak neurtzeko egutegi bat finkatzea”.
Lan-jardunaldia Pentsamendua eta eztabaida ekimeneko jardueren parte izango da. Zinemaldiak iaz sortu zuten jakintzaren, sorkuntzaren eta transmisioaren gune gisa. Horrez gain, berdintasun eraginkorraren aldeko lan-mahai iraunkor bat sortuko da, hiru hilean behin bilduko dena.