argia.eus
INPRIMATU
Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko
  • Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo auzoetan: Txomin Enean, Intxaurrondon, Grosen, EHUko arkitektura eskolan, Egian eta Antiguan. Karteletik bertatik, Palestinari eman diote garrantzia.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2024ko irailaren 13a

Hauxe da Zinemaldi Alternatiboko kideek aurkeztu duten egitaraua, Donostiako Zinemaldiarekin batera, kalean eta hiriko gune autogestionatuetan egingo dituzten proiekzioen harira.

2024ko edizio honetan, bi gai edo errealitate nabarmendu nahi izan dituzte, adierazi dutenez. Lehenik eta behin, Palestinako herriari elkartasuna adierazi eta Israelgo Estatua egiten ari den genozidioa salatu nahi du jaialdiak. Horren froga da edizio honetarako prestatu duten kartela. Cate Blanchett aktoreak Cannesko alfonbra gorrian Palestinari egin zion keinua baliatu eta txalotu nahi izan dute kartelean. Horrez gain, irailak 24, asteartean, Groseko Marruma elkartean Farha filma proiektatuko dute, Netflix, Filmin eta hainbat plataformatan zentsuratuta dagoena.

Bestalde, Zinemaldi Alternatiboak bat egin du Donostian “gora doazen” arrazakeria eta faxismoa amaitzeko abuztuaren 7an ehunka herritarrek egindako deiarekin. "Segurtasuna aitzakiatzat hartuta, ugaritzen ari dira pertsona migratu eta arrazializatuen kontrako diskurtso eta jarrera xenofoboak, arazoaren benetako erroa ukatzen den bitartean. Testuinguru horretan, beraz, Zinemaldi Alternatiboari ere badagokio antolakuntza eta kultura antierrepresibo, antirrazista eta antifaxista indartzea”, diotenez. Helburu hori du irailak 26, ostegunean, Egiako Teila Fabrikan antolatu duten saioak.

Ondorengoa da egitaraua.

Irailak 20 ostirala, 20:00etan Txomin Eneako Arteleku plazan eguraldi ona eginez gero, txarra eginez gero Lanberriren egoitzan: Bizkarsoro.

 

Irailak 21 larunbata, 20:00etan Intxaurrondoko Letaman gaztetxean El Síndrome de Venecia. Gero Bizilagunekin plataformako kideekin solasaldia egongo da.

 

Irailak 24 asteartea, 19:00etan Groseko Marruma elkartean: Farha. Presio sionistak direla eta, Netflixen, Filminen eta beste hainbat

plataformatan zentsuratuta dago filma. Ondoren, Donostiako BDZko kideekin solasaldia.

 

Irailak 25 asteazkena, 17:30ean EHUko Arkitektura Eskolan: City for sale.

Irailak 26 osteguna, 18:30ean Egiako Teila Fabrikan. Infernuan + Sueños de Viernes.

 

Irailak 27 ostirala, 20:00etan, Antiguoko Txantxarreka gaztetxean: Kuxkuxtu: Parean, ondoan, elkarrekin.