Donostian Zinemaldi Alternatiboaren 6+1 edizioa aurkeztu dute Kortxoeneako kideek. Hiru dokumental botako dituzte: Lehen aldiz aurkeztuko den Kortxoenea. Irautea Sortzea delako dokumentala, eta Radikales Libres eta Temps de CanVi(e)s. Ciudad. Autogestión. Conflicto dokumentalak. Emanaldiaren ostean egileekin solasaldiak izango dira.
“Negozio eta merkantilizazio kutsu oro erausiz, komunikaziorako eta gogoetarako espazio izango da” antolatzaileek esan dutenez. Zinemaldi Alternatiboa “Ideiak eta ulertzeko moduak sortzen dituzten ekintza konkretuak garatzeko tresna” bezala ulertzen dute.
Irailaren 24an Jakue Pascual eta Alberto Peñalbaren Radikales Libres dokumentala emango dute. Bartzelonan elkarrizketatutako zortzi lekukotasunei esker, Kataluniako prozesu eraldatzailearen nondik norakoen berri ematen da, ikuspegi libertario batetik.
Ostiralean, irailaren 25an, Temps de CanVi(e)s. Ciudad. Autogestión. Conflicto. dokumentala ikusteko aukera izango da. 2014ko maiatzean Bartzelonako Can Vies zentro sozial autogestionatuaren desalojoa oinarri hartuta, Kataluniako hiriburuan sor daitezkeen elkarbizitza modu ugarien inguruko eztabaida sortzea bilatzen du.
Crowfounding bidezko finantziazioari esker egindako Kortxoenea gaztetxearen inguruko dokumentala irailaren 26an izango da.
Emanaldi guztiak 19:00tan izango dira.
Donostiako Zinemaldi Alternatiboa 2006.urtean antolatu zuten lehen aldiz Alde Zaharreko gazteek, gaztetxeko kideek ohar bidez jakinarazi dutenez. Duela 5 urtetik –joan den urtean izan ezik–Kortxoenean antolatu dute ekimena.