argia.eus
INPRIMATU
Zinema gidoietara bideratutako Jaurlaritzaren diru-laguntzetan, dokumental eta serieen gidoigintza kanpo utzi dute
  • Eusko Jaurlaritzaren kultur sorkuntza bultzatzeko 2021eko diru-laguntzek ez dute barne hartzen telesailetara eta dokumentaletara bideratutako gidoigintza. Desadostasuna agertu eta kanpo utzitako kategoria berriz diru-laguntzetan txertatzeko, sinadura bilketa abiarazi dute.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko martxoaren 15a
(Argazkia: Bokskapet)

Kultur-sorkuntzarako diru-laguntzen araudian jazotako aldaketen ondorioz, zinema gidoietara bideratutako 2021eko diru-laguntzek ez dute beren baitan jasotzen telesail eta dokumentalen gidoigintza. Aldaketarekin desados eta kezkaturik agertu dira hainbat herritar, eta Eusko Jaurlaritzari kategoria horiek berriz diru-laguntzen baitan sar ditzan eskatzeko asmoz, sinadura bilketa abiatu dute.

Sinatzaileek bat egiten dute Aitziber Atorrasagasti Calcedo Jaurlaritzako Kulturaren Sustapenerako zuzendariari luzatutako gutunarekin. Idatziaren bidez, Atorrasagastiri hiru eskakizun egiten zaizkio: batetik, dokumental eta serieen kategoriei eragin dien araudiko aldaketa baliogabetzea; bestetik, beharrezkoa izanez gero, balorazio batzordea handitzea; eta azkenik, EAEn kultura sorkuntzara bideratutako aurrekontuak zabaltzen jarraitzeko lan egitea.

Lehenengo eskakizunari dagokionez, gutunean adierazten da ezinbestekoa dela “bi generoak idazketa-fasetik babesten jarraitzea, txertatzen diren komunitatearen kultura eta ekonomia aberasten laguntzen baitute”. Bigarren eskakizunari lotuta, bestalde, argudiatzen da laguntzen eskabide kopuru altua ezin dela izan bi kategoria horiek kanpo uzteko arrazoia, eta eskabide kopuru handiari balorazio batzordean handitzearekin erantzun beharko litzaiokeela. Are, azpimarratu dute eskakizun kopuru altua ikus-entzunezko sektorean dagoen baliabide ekonomiko faltaren sintoma gisa uler daitekeela.

“Profesional horien gidoiek euskarazko eta gaztelaniazko kultura-ondarea handitzen laguntzen dute. Gainera, 2021ean, pandemiak jota, inoiz baino beharrezkoagoa da tradizioz zigortutako genero bat babestea eta sustatzea, dokumentalaren kasua den bezala”, azpimarratu dute telesail eta dokumentalen kategoriak diruz laguntzearen garrantziaz ohartarazteko.