argia.eus
INPRIMATU
Barrura begirako filmak: emakume zinegileak konfinamenduan
Zinema esperimentalaren egiazkotasuna
  • Hasi gara, gauetik egunera, kalera irteten. Bizikletak, footing egiteko arropak, txakurrak eta umeak dira eguzki-izpien beharra asebetetzeko aitzakiak, eta hauekiko ohitura falta sumatu dute maiatzeko lehen eguzki-kolpea jaso duten azalek. Kanpoak barnean nola eragiten duen, eta alderantziz: horiek dira zinema apurtzaileki jorratu duten Sadie Benning eta Maya Derenen piezen motibo nagusietako batzuk.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2020ko maiatzaren 06a
Meshes in the Afternoon (1943) filmean etxe barneko beldurrez hitz egin zuen Maya Deren zuzendariak.

Maya Deren (Kiev, 1917 - New York, 1961) zinema zuzendari, dantzari, koreografo, poeta eta idazle ukrainarra izan zen 40ko hamarkadako AEB underground-ean. Abangoardietatik zetorren esperimentazioaren ildotik, bilaketa horietan oinarritzen zen zinemaren hastapen urratsak eman zituen Estatu Batuetan. Artistak "ganbera filmak" egiten zituen, ikuslego zabal bati baino, talde intimoagoei eskaintzen zizkienak. Arteari lotuak zeuden eremuak zinemara gerturatzen lehenetarikoa izan zen, Marcel Duchamp, André Breton, John Cage eta halakoak zituela bidelagun.

Meshes in the afternoon filma (AEB, 1947) norberak bere etxe barneari dizkion beldurrez mintzo da. Tentsioa tamainan mantenduz doa aurrera narrazioa, emakume baten bere buruarekiko berrikusketa, ziklikotasunaren arriskua, eguneroko objektuen zorroztasuna eta amets-gaiztoen nahasketa eroan. Dituen ikaren artean gizonezko baten presentzia badago ere, inkontziente propioak duen indarra da zuzendaria gehien beldurtzen duena. Surrealismoarekin duen loturagatik irakurri da askotan, obra hau, psikoanalisiaren terminoetan.

Hain ezaguna izan ez zen, baina kanpoarekin elkarrizketa sortzen duen film laburra da The private life of a cat (1944). Bertan, azalpen-dokumental gisa lantzen du katakume batzuen jaiotza eta hezkuntza prozesua, lehen egunetan. Irudiek prozesuaren berri ematen dute; tartekatzen diren testuek, ordea, bikote heterosexual baten umeak ekartzearen fenomenoa kontatzen dute, modu neutral bezain eztenean. Dokumental mota honek izaten duen argudiaketa bakar eztabaidaezina kontuan hartuta, ironiko eta kritiko suertatzen da, finean, pelikulako irudi eta testuaren justaposizioa.

 

Girl power (Sadie Benning, 1993) filmeko une bat.

Ironiazale amorratu gisa defini genezake, era berean, beste belaunaldi bati lotuta dagoen Sadie Benning (Milwaukee, 1973) zinemagilea. Derenen antzera, arte diziplina ezberdinen artean jostatzen da Benning, 15 urte zituenez gero ikus-entzunezkoan dabilen artista estatubatuarra. Filmetako gaien artean generoa, anbiguotasuna, urraketa, intimitatea eta identitatea esanahitzen ditu, narrazio esperimentalaren bidez.

Aztergai ditugun filmak artistak kanpoarekin duen inkonformismoan oinarritzen dira, eta gustuko duen espazio bakarretik –logelatik– kontatzen ditu. Hasierako lan hauek jostailuzkoa dirudien bideokamera batekin eginak dira, eta txuri-beltzezko irudien bitartez osatzen ditu elementu guztiak: imajina narratiboetatik kreditu idatzietara arte. Living inside (AEB, 1989) da zuzendariaren lehen filmetako bat. Benning hiru astez institutura joan gabe egon zenekoa da, eta bere itxialdiaren aitormena egiten du lan laburrean. Artistaren psike isolatua da munduarekiko duen ikuspegiaren isla. A place called lovely (AEB, 1991) laburrak gorputza eta performancea ditu lehengai, eta estatubatuar emakume zuri lesbiana izateaz ari da. Girl power (AEB, 1993) film-egunerokoa da, zeinean bera mugatzen duten eraikuntza guztien aurka altxatzen den Benning, eskolaren, familiaren eta estereotipo femeninoen apurketan.

Arraro eta ulertezin gisa hartu izan da askotan zinema esperimentala. Baliteke begia apur bat hezi behar izatea horrelako zinemaz gozatu ahal izateko. Ulertzea, ordea, beste baterako utziko dugu, sarri norberari burura etortzen zaizkion esanahiekin osatzen baitira horrelako obrak. Halere, errealitatearekin duten harremanak lotu gaitzake zuzendari hauen lanetara. Abstrakzioa beti abiatzen baita erreferentzia batetik.