argia.eus
INPRIMATU
Zinema Aretoen Elkartea haserre Jaurlaritzaren edukiera murrizketa berriekin
  • Jaurlaritzak %60tik %35era jaitsi du zinema aretoen edukiera muga. Euskadiko zine aretoen EZAE elkarteak salatu du neurria “ulertezina” dela, eta 2020an izandako galera ekonomikoen ondoren, askok ezingo diotela “egoerari eutsi”.  Protesta gisa, zenbait areto itxita egongo dira astelehentik aurrera.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 26a
Argazkia: Eibarko Udala

EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak Jaurlaritzak ezarritako murrizketa berrien aurka egin du. %35ean jarri dute zinema aretoen edukiera muga, eta elkarteak adierazi du erabakia “ulertezina” dela, aretoak gune seguruak direlako: “Osasun-krisialdi osoan ez da koronabirusaren agerraldirik erregistratu zinemetan”, ziurtatu dute. Erabakiaren kontra egiteko, EZAEko hainbat kidek aretoak itxiko dituzte astelehenetik aurrera.

Pandemiaren harira, 2020.urtean hamar milioi euroko galerak jasan zituztela zehaztu dute. Baina azken asteetan, aretoek “esfortzu handia” egin dutela azaldu dute, ohiko ordutegiak berreskuratu, zinemak egunero zabalik mantendu eta langile guztiak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientetik ateratzeko. 

Neurri murriztatzaile berriekin, ordea, lortutako aurrerapauso horiek “zapuztu” egingo direla salatu dute. Areto askok ezin izango diote “egoerari eutsi”, eta itxi egin beharko dituzte. Horregatik, EZAEtik Jaurlaritzari eskatu diote ezarrita dauden neurriez gain —maskara erabiltzea, urruntze soziala eta eskuak garbitzea—, edukiera muga %60an mantentzeko.