Ander Gisasola (Zumarraga, 1982) Donostiako Kresala zineklubeko kidea da. Kresalak 50 urte bete ditu eta azken mende erdian egindako lanari buruzko dokumentala prestatzen ari dira.
Nolatan Kresala zineklubean?
Funeraria Vascongada ehorztetxeko informatika arduraduna naiz. 2016an Donostiara etorri nintzen bizitzera eta bertako kultur mugimenduan murgiltzen hasi nintzen. 2018an Kresalaren iragarki bat ikusi nuen eta beraiengana jo nuen.
Zer duzue eskuartean?
Zinekluben euskal sarea martxan jartzen ari gara eta mugimendu horri ikusgarritasuna eman nahi diogu. Horretarako, K Sariak egitasmoa jarri dugu martxan. Zumarragako eta Urretxuko ButaK 21 zineklubak ere parte hartzen du.
Zer da K Sariak?
Gipuzkoako zinemaldi ezberdinetan, zineklubetako kideez osatutako epaimahai batek sari bat ematen du. Zinemaldi guztiak amaitzen direnean, zineklubek saritutako lanak emango dituzte. Hala, Zumarragan Animadeban, zeinu hizkuntzan egindako filmen zine jaialdian, Donosskinon, Zinetikan eta Amuan saritutako lanak ikusi ahal izango dira.
Horretaz gain, Kresala zineklubaren 50. urteurrenari buruzko dokumentalaren ekoizpenean parte hartzen ari zara.
2022an Kresalak 50 urte beteko ditu eta 1972an Kresala martxan jarri zutenak eta urte hauetan guztietan filmak ikustera etorri direnak omendu nahi ditugu.
Izan ere, Kresala zineklubak sekulako lana egin du 50 urte hauetan.
Gizarteak zinekluben mugimenduari aitortza egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, alboratuta daudela uste baitugu. Jendeak ez daki zineklubek zenbaterainoko onura ekarri dioten gizarteari. Frankismo garaian arnasgune bat izan ziren. Zineklub saioetan jendeak libreki hitz egin zezakeen. Gainera, zineklubak egongo ez balira, film asko ezingo lirateke pantaila handian ikusi. Horri guztiari aitortza egiteko eta zinemazaletasunari gorazarre egiteko, dokumental bat egin nahi dugu. Dokumentalaren oinarria elkarrizketak eta 50 urte hauetan eman diren filmen irudiak izango dira. Leire Egañak zuzenduko du eta lan taldeko beste batzuk dirua lortzeaz arduratzen ari gara.
Aldundiaren babesa jaso duzue.
Zortea eduki dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak gure proiektua Meta 2021 programarako hautatu du. Crowdfunding kanpainan murgilduta gaude. Gizarteak jartzen duen euro bakoitzeko, aldundiak beste euro bat jarriko du. Gure asmoa dokumentala 2022ko urriaren 19an estreinatzea da, Antzoki Zaharrean. Izan ere, 1972ko urriaren 19an proiektatu zuen lehen pelikula Kresala zineklubak.
Betidanik al zara zinemazalea?
Txikitatik. Piedad kalean hazi nintzen eta Itzalon aretoa parean nuen. Asteburuetako plana lagunekin zinera joatea zen. Urte batzutan Zumarragan eta Urretxun zine aretorik eduki ez genuenez, nerabezaroan Legazpira joaten ginen. Pixkanaka, korronte eta jatorri ezberdinetako pelikulez gozatzen ikasi nuen. Zineklubek horretarako aukera ematen dute, film ezberdinak ikusteko aukera ematen baitute. Pantaila handian, gainera.
Netflix eta bestelako plataformek indar handia hartu dute, ordea.
Plataformek gure etxeetako telebista adimentsuetan pelikula asko ikusteko aukera ematen dute, baina pantaila handia ekintza kolektibo bat da. Pelikula bat beste jende askorekin partekatzeak ez du parekorik. Zinemara joatea ekintza kolektibo bat da. Hor datza zinema aretoen indarra.
Zein izan zen umetan arrastoa utzi zizun pelikula?
Mira quien habla pelikula birritan ikusi nuen Zelai Arizti zaharrean, asteburu berean. Lehenengo aldian lagunekin ikusi nuen eta bigarrengoan bakarrik. 7 urte bakarrik nituen eta nigan zerbait sorrarazi zuen.