Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 18. edizioa aurkeztu du astearte honetan, Bilborocken antolatutako prentsaurrekoan. Aurten, martxoaren 1etik 14ra bitartean ospatuko da eta era presentzial zein birtualean jarraitu ahal izango da.
Osasun krisiak zinemaldia baldintzatu duen arren, aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egingo dute. Bertaratzeko aukerarik ez dutenentzat ordea, Filmin plataforman leiho digitala irekiko dute, haiek ere Zinegoakez goza dezaten.
Zalantza izpirik gabe lelopean aurkeztu dute jaialdia eta aurtengo helburuarekin lotura zuzena duela azaldu dute: "Beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.
Aurreko edizioetan bezala, hiru sail ofizial izango ditu programazioak: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAk (narratiba berriak). Hiru sail ofizialeko hemezortzi film luze horiek Golem Alondegian proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra bitartean, eta gaurkotasun handiko gaiak izango dituztela adierazi dute –horien artean, eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoa, talde-zaintzak, eta abar–.
Martxoaren 5ean, Filminen leiho birtuala irekiko da eta bertan jaialdiko film luze guztiak izango dira ikusgai. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira –egunero bana sail bakoitzeko– eta gehienez 72 ordu egongo dira ikusgai.
Film laburrei dagokionez, Zinegoakek gai ezberdinei buruzko sei ziklo ezberdin antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai, 18:00etan, doako sarrerarekin. "Haurtzaroa-Nerabezaroa" edo "Emakume zuzendariak" ohiko zikloekin batera, "Drag life" eta "Erresilentziak" ziklo berriak ere izango dira. Era berean, "LGTBI+ Nagusiak" zikloa berreskuratzeaz gain, urtero bezala "Euskal Begiradak", Euskal Herrian sortutako ekoizpenak ere aurkeztuko dira.
Horrez gain, martxoaren 1ean hasiera ekitaldia ospatuko da Arriaga Antzokian, eta bertan Jose Antonio C.Amunarriz hondarribiarren Red Bay film laburra estreineatuko da.
ZG Hedapena
Bilboko jaialdia amaitu ostean, Zinegoakek herriz herriko ibilbidea hasiko du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian gaindi. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, 40 udalerri baino gehiagok hartuko dute parte ZG Hedapenean eta 50 proiekzio baino gehiago aurreikusten dituzte.
Gainera, lehen aldiz, Zinegoakek beste egoitza ofizial bat izango du: Lekeitio. Aurten, martxoaren 6tik 8ra bitartean Valentina film luzea eta "Euskal Begiradak" eta "Emakume zuzendariak" film laburren zikloak aurkeztuko dira.
Jaialdiaren irekieraren aurreko jarduerak
Otsailaren 26tik 28ra bitartean, hainbat jarduera antolatu ditu Zinegoakek jaialdiaren irekiera ofiziala baino lehen. Lan ezberdinak proiektatuko dituzte Guggenheim Museoan: ostiralean Keith Haring. Street art boy dokumentala, larunbatean Rote Zora emakumeen talde armatu iraultzaileari buruzko dokumentala eta igandean Petite Fille Sébastien Lifshitzen azken lana.