argia.eus
INPRIMATU
Zinegoak 2019, “lumaz harro”
  • Lumafobiaren aurrean, “bakoitza nahi duen modukoa izatea eta nahi duen moduan, nahi duen lekuan adieraztea” aldarrikatuko du aurten Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. “Luma izatearen harrotasuna” jarri dute erdigunean, konbentzionalismoetatik aske eta gustura sentitzea helburu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urtarrilaren 09a

Otsailean abiatuko den edizioaren kartela aurkeztu dute: Cassandro El Exótico borrokalari mexikarra ageri da bertan, borrokalari ezohikoa hain kirol maskulinizatuan. Hain juxtu, Cassandro El Exótico dokumentalak parte hartuko du sail ofizialean eta genero-adierazpena oinarri duten film gehiago ere emango ditu jaialdiak.

“Harrigarria da zelan, LGBTI kolektiboaren barruan ere, batzuetan luma izatea negatibotzat jotzen den. Sexu-aniztasuna gero eta onartuagoa dagoen arren, ‘dena ondo dago, antzematen ez zaizun bitartean’ bezalako esaldiak entzuten dira oraindik. Badirudi ezarritako arau sozialen arabera bakarrik adierazi daitezkeela gizon eta emakumeak, eta bestela adjektibo ugari jasoko dituzu: xelebrea, emagizona, desegokia, bitxia…”, adierazi du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak.

Programazioa aurrerago aurkeztuko dute. Pelikulez gain, antzerkiak ere izango du tarterik. Dagoeneko iragarri dutenez, umeentzako Lur antzezlana eskainiko dute adibidez, otsailaren 24an. Ane da protagonista, bulba duen mutila.

Albiste honi lotuta:

“Luma erakustea ez da lotsagarria, iraultzailea baizik”, aldarrikatu genuen Izan gay, baina ez marika idatzian: “Aukeratu dezala bakoitzak nola gorpuztu norbere izaera, baina denok ere luma gehixeago izango bagenu, gizarte koloretsuagoa eta askatzaileagoa litzateke gurea”.