argia.eus
INPRIMATU
Zinegoak ekainean ospatuko du 20. edizioa
  • Bilboko LGBTIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 23tik uztailaren 3ra egingo dute. Hamasei film luze eta 25 labur dituzte programazioan, beste hainbat jarduerarekin batera.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 21
Zinegoak 20. urteurreneko programazioa aurkeztu dute. Argazkia: Julen Nafarrate. ZINEGOAK © MITXI

2023ko Zinegoaken edizioa ekainean egingo dute, “jai eta aldarrikapen giroan”, 23tik uztailaren 3ra. Alaitz Arenzana zuzendariaren hitzetan: “Zinegoak identitate aldakorretan jarri du arreta, generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela ulertuta”.

Hamasei film luzeak hiru sailetan banatu dituzte: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hainbat gai landuko dituzte aurtengo edizioan, adibidez esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea, memoria artxiboa eta sorlekura itzultzea.

25 film laburrak lau ziklotan banatzen dira: “Haurtzaroa eta nerabezaroa”, “Emakume zuzendariak”, “Lotura primarioak” eta “TBIQ+”. Lehiaketa ofizialetik kanpo Erroak zikloa izango da, Euskal Herrian ekoitzitako film laburrak aurkezten. Filmekin batera, antzerkiak eta emanaldiak antolatu dituzte.

Ekainaren 26ean hasiko dira emanaldiak, baina 23tik 25era aurrejaia ospatuko dute: Nina Menkes zinemagilearen lanen proiekzioa, Queer (Un)Belongings ikusentzunezkoaren emanaldia eta Dantzertik eta Musikenek prestatutako Gure garaian antzezlana. Ondoren, ekaineko azken astean, jarduera osagarriak antolatu dituzte: Identitarteak eta Esaiozu X antzezlanak, My Way Out Izaskun Arandiak zuzendutako dokumentalaren aurkezpena eta Angeles Cruzen atzerako begirada bat.

Jaialdiaren amaiera uztailaren 3an izango da, Bilborocken, eta bertan jakinaraziko dituzte edizio honetako irabazleak. Informazio gehiago beraien webgunean.