Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik itsasora, Palestina aske izango da" esanez amaitu zuen. Berlinen delitu dira esaldiaren bi zatiak.
Pasa den asteburuan Europako zine jaialdien artean esangura berezia duen Berlinaleren edizio berria egin da Alemaniako hiriburuan, eta egun batzuk igarota, sareetan zalaparta sortuta, festibaleko zuzendaritzak oharra kaleratu du, "marra gorria gurutzatu" dela eta "atsekabetuta" daudela esateko. Ordu gutxi geroago, Berlingo Poliziak jakinarazi du ofiziozko ikerketa abiatu duela. Izan ere, Berlingo estatu-hirian, ez da lehen aldia auzitegiek "itsasotik ibaira" esate hutsa delitutzat hartu dutela; esaldiaren bigarren partea, "Palestina libre" esatea, leku gehiagotan da delitu. Auzitegien arabera, adierazpen horiek "Israelgo Estatuaren existentzia" ukatzen dute.
Hong Kongekoa da Jun Li zinegilea, Queerpanorama filmaren zuzendaria. Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zuen lan berria; queer munduan zentratzen bada ere, adierazpen askatasun ororen aldeko pelikula da zuzendariaren esanetan. Hori adierazita, terrenoa prestatuta, filmeko aktore Erfan Shekarriz irandarrak bidalitako testua irakurtzeari ekin zion Li zuzendariak. Izan ere, aktoreak aurrez jakinarazi zuen ez zela Berlinalen egongo, Palestinaren genozidioa babesten duten erakunde publiko alemaniarrek finantzatua delako.
Honelakoxea da sekuentzia, publiko arteko kamera batetik ikusita. Shekarrizen hitzak irakurtzen hasten da Jun Li: "Film hau ikusten ari zineten unean, milioika palestinar Israelgo Estatuaren atzaparretan itota daude, kolonialismo basatian. Alemaniako Gobernua, Berlinaleren beraren existitzea bermatzen duena, modu batera edo bestera, palestinarren aurkako apartheida eta genozidioa bermatzen ari da Ekialde Hurbilean". Publikoaren artetik lehenbiziko oihua entzuten da: Eta Txina, demokrazia al da?. Jendearen oihuek bi segundoz eteten dute Liren hitzaldia, atzera berreskuratu arte: "Dei egiten dizuet alemaniarroi, segi dezazuen defendatzen adierazpen askatasuna, kasu honetan Palestinaren izenean, zuen agintariek eraiki baitute erabateko klima politiko beldurgarri eta faxista".
"Gure filma askatasunari buruzkoa da", esanez jarraitzen du Lik: "Ez gara aske izango guztiok aske izan arte, izan queer, izan palestinar". Publikoko batek oihua: Edo judutar!. Pertsona horri txalo egiten diote batzuek, baina zuzendariak hizketan jarraitzen du: "Ohorea eskatzen dut eraildako haur palestinarrentzat, guraso eta senideentzat, 1948tik ikusi gabeko erasoaldiaren testuinguru honetan".
Gutxi batzuen txalo eta gehiengoaren txistuen artean, honela amaitu zuen hitzaldia: "Ibaitik itsasora, libre izango da Palestina".
Ikusi jarraian:
Poliziaren ustez, "Israelen existentzia jomugan" ipini zen
Ikerketa abiatu du Alemaniako hiriburuko land-eko poliziak, antza Israelen aurkako gorrotoa hauspotzen duelako Jun Li zinegileak irakurritako mezuak. "Palestina librea izango da" esate hutsa delitu da Alemanian; eta Berlingo hiri-estatuan, "ibaitik itsasora" esatea ere zigortu izan da behin baino gehiagotan.
Komunikatu bidez, Berlinale zine jaialdiaren antolakuntzak gogor kritikatu ditu gertakariak, jaialdia ospatu eta hiru egunetara. "Marra gorriak igaro dira", adierazi dute: "Parte hartzaileei argi adierazi genien non zeuden mugak, eta oso atsekabetuta gaude; zaintzarik eta errespeturik ez da egon publikoarekiko. Partekatzen dugu jendearen mina".
Hedabideen posizionamendua
Hedabideak ere ildo horretan lerratu dira. Bild egunkari alemaniarrak, esaterako, titularrera eraman du Gorroto israeldarra Berlinaleko oholtzan; eta Jüdische Allgemeine egunkariak, Alemaniako komunitate juduan oso zabaldua denak, Antisemitismoaren enegarren gertakaria gisa titulatu du.
Egunkari horrentzat izuaren leloa da "ibaitik itsasora" esatea, eta bere webgunean gutxienez dozena erdi albiste topa daitezke Berlinaleko gertakariari loturikoak. Gaiari zuzenean lotuta ez doan beste hau, asteartekoa, esanguratsua da: Der Spiegel egunkaria seinalatzen eta kritikatzen du, saiakeragile indiar bati elkarrizketa labur bat egiteagatik. Editoriala dirudien artikuluan, "gaur da eguna Alemaniako egunkariek Israelen aurkako inoiz baino mezu gehiago zabaltzen dituztena", diote.
Hedabideak bezalaxe, iritzi publikoa ere antisemitismoaren ideia horretan dabilela kontatzen zuen ARGIAn, 2.870 alean, Alemanian bizi den Ghayath Almadhoun artista palestinarrak.