argia.eus
INPRIMATU
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez
  • Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 23a
ZINEBIren aurkezpena Bilboko Udaletxean. ZINEBI

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 66. edizioa aurkeztu du asteartean Bilboko udaletxean, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziaren eta Joseba Lópezortega jaialdiaren zuzendariaren eskutik. Azaroaren 8tik 15era egingo den Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu, film labur, film ertain eta luzeetan banatuta. Horien erdiak baino gehiago estreinaldiak izango dira, 59 hain zuzen ere.

Aurtengo edizioak Itoiz udako sesioak dokumentalaren mundu mailako estreinaldia izango da Gijoneko Zinemaldiarekin batera. Itoiz euskal musika talde ikonikoaren historia kontatzen duen opera primetako bat izango da.

Bi ohorezko Mikeldi sari emango ditu Zinebik. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak, Citizenfour dokumentalari esker Oscar sari bat irabazi duenak, Ohorezko Mikeldia jasoko du “justizia sozialarekin eta eskubide zibilen defentsarekin konprometitutako ibilbideagatik”. Lópezortegak azpimarratu du "demokraziarekiko duen konpromiso hautsiezina". Harekin batera José Luis Alcaine argazki-zuzendariak ere, "Espainiako zineman erreferenteak", Ohorezko Mikeldia jasoko du, “argia eraldatzeko eta pantailan emozioak nabarmentzeko duen trebetasunagatik”.

60 film lehian

Zinebiko filmetatik 103 film laburrak dira , hiru film ertainak dira eta 26 film luzeak dira. 75 emakumezkok eta 74 gizonezkok zuzendu dituzte 132 filmak. 59 film Euskal Herrian ekoitziak dira: 51 film labur, film ertain bat eta zazpi film luze.

Zine jaialdiko Sail Ofizialak 60 film izango ditu lehian, horietatik 51 film labur eta bederatzi opera prima. Arreta gehien piztu duten proiekzioen artean dago Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Albert Serraren Tardes de soledad dago, eta Beautiful Docs sailean aurkeztuko da.

Tasio eta La Muerte de Mikel filmak ikusgai

Euskal Herriko zinemaren "funtsezko" lanak berreskuratuko dira aurtengo edizioan. Montxo Armendarizen Tasio klasikoaren bertsio zaharberritua proiektatuko da Carboneros de Navarra film laburrarekin batera. Imanol Uriberen La muerte de Mikel filmaren 40. urteurrenaren harira ikusgai egongo da Guggenheim museoan 14ean.

Zinebi Arriaga Antzokian, Guggenheim Bilbao Museoan, BBK Aretoan, Bilbao As Fabriken, Golem Alhondiga Zinemetan eta Azkuna Zentroko Auditorioan egingoda. Inaugurazio-ekitaldia azaroaren 8an izango da, Arriaga Antzokian, La Dramática Errante-k kolektiboaren eskutik. Amaiera-ekitaldia azaroaren 15ean izango da eta 83.000 euroko sari-banaketa egingo dela aurreratu dute antolatzaileek.