argia.eus
INPRIMATU
Zinebi jaialdian 123 film emango dituzte, erdia baino gehiago emakumeek zuzenduak
  • Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 63. edizioa hibridoa izango da: Bilboko zinema-aretoetan zein online ikusi ahalko dira ikus-entzunezkoak. Ohorezko Mikeldi sariak Imanol Uriberi eta Margarethe von Trottari emango dizkiete.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 26a
Euskal ekoizpenak izango dira eskainiko diren 45 film. / Argazkia: 63. Zinebi jaialdiaren aurkezpena (Irekia.eus)

Azaroaren 12an Bilboko Arriaga antzokian izango da irekiera gala eta astebetez 123 film proiektatuko dituzte; horietatik 34 film labur eta 11 luze euskal ekoizpenak dira. Astelehenean aurkeztu zuten jaialdia prentsaren aurrean Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta bozeramaileak eta Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendariak. Azpimarratu dute edizio honetako pelikulen erdia baino gehiago emakumeek zuzendu dituztela. Jaialdia ixteko, azaroaren 19an amaiera-gala eta sari-banaketa izango dira.

Edizio hibridoa izango da, iaz bezala: Arriaga antzokian, Azkuna Zentroan, Arte Ederren Museoan eta BBK Aretoan izango dira emanaldiak, baina Filmin online plataformaren bidez ere ikus-entzun ahalko dira. Guztiek izango dituzte euskarazko azpitituluak. Sarrerak dagoeneko salgai daude.

Ohorezko Mikeldi sariak

Imanol Uribe euskal zinemagilea eta Margarethe von Trotta Alemaniako aktore, gidoilari eta zuzendaria sarituko ditu Zinebik. Antolatzaileen esanetan, Europako eta Euskal Herriko zinemako “ezinbesteko” pertsonak dira, eta Ohorezko Mikeldi sariarekin haien ibilbidea goraipatu nahi dute.

Uribek Zinebi jaialdiarekin hasieratik lotura izan duela gogorarazi dute, eta sari bana irabazi zuela 1977an Ez eta 1982an Ikuska 13: Euskal kantagintza film laburrengatik. Von Trotta, aldiz, Zinemaren Historiako “zinemagile feministarik eragileenetako bat” dela nabarmendu dute. Haren zinemaren “sendotasuna, zintzotasuna eta bikaintasuna” aitortu nahi dute.

Programazio anitza

Bi ataletan banatu dute zine-jaialdia: Sail Ofiziala eta gainerakoak. Sail Ofizialean daude Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa. Beste atalen artean daude, besteak beste, nazioarteko dokumentalei zuzendutako saila eta Euskadin ekoitzitako ikus-entzunezkoen saila.

Horrez gain, hainbat mahai-inguru eta topaketa antolatu dituzte. Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendariak adierazi du aurten ere emakumeen alde egin nahi izan dutela. Hortaz, onartu du “ilusio berezia” egiten diola “Focus: Mexico, emakumea eta jatorrizko zinea” atala aurkezteak. Mexikoko jatorrizko kulturetako emakume zinemagileen inguruko ziklo bat izango da, andreei eta gutxitutako hizkuntzei garrantzia emango diena. Jaialdiko programazio osoa Zinebiko webgunean topatu daiteke.