argia.eus
INPRIMATU
Zimitoriotik ametsetara
  • Italiarren esaera da: “Otondo-belarra bezain ezaguna”. Milaka urte da otondo-belarra sendabelar bezala erabiltzen dela, baina oraindik ez gara gai izan zein izen zientifiko eman erabakitzeko: Stachys officinalis edo Betonica officinalis. Biak erabiltzen dira, eta gauza bakarra dugu argi, abizena officinalis du. Garai batean officina esaten zitzaion batez ere sendabelar bezala erabiliko ziren belarrak eta landareak jasotzen ziren tokiari. Zein generotan kokatu da zalantza: Stachys ala Betonica. Mundu guztiak sinonimotzat ditu, baina zein da nagusia eta erabili beharrekoa?

Jakoba Errekondo 2021eko irailaren 23a
Argazkia: Nova Agnieszka Kwiecie / Wikimedia

Stachys latineko Stachys hitzetik dator, zeinak grekoko στ?χυς baitu jatorri, eta bere esanahia “burua” da; zenbaitentzat, “galburua” eta beste batzuentzat, “artaburua”. Otondo-belarraren lore multzoak, badu bai buru horien antza. Betonica latineko vettonica hitzaren aldaera da, eta horrek, dirudienez, jatorria galieran du. Pliniok, aldiz, dio Iberiar penintsulako Betoiak zirenengandik datorkiola izena. Egia da bai, geografikoki penintsula horretara oso lotua dago.

Otondo-belarrari buruzko lehen aipamena Antonius Musa mediku erromatarraren lan batean agertzen da; bertan sorginkeriaren aurka eraginkorra zela aldarrikatu zuen. Gerora elizetako zimitorioetan erruz landatua izan zen mamuen jarduna saihesteko. Ingalaterran gaueko iratxo beldurgarriak eta irudipen eta amesgaiztoak uxatzeko gomendatzen zen. Galesezko xarma batek agintzen du: amets egitea ekiditeko, zintzilikatu otondo-belarraren hostoak lepoan, edo edan bere zukua ohera joaterakoan. Sendagai oso ezaguna izan zen gaitz ugari tratatzeko: buruko gaitzak, zauriak eta nerbio zartatuak orbaintzeko, suspergarri gisa digestio-sistema eta gibela bizkortzeko, hilekoaren minak, memoria txarra, tentsio gorabeherak, buruko mina eta garun kongestioak tratatzeko, eta abar. Homeopatian asma eta gehiegizko izerdia tratatzeko erabiltzen da. Gazteleraz hala diote: “Otondo-belarrak bezainbeste bertute du”.

Geurean ere ez da arrotza. Aspalditik izango dugu zimitoriokoa bezala etxekoa; agian teilatu hegalpea zimitorio ere izan izan dugulako? Izen mordoa dugu beretzat: otondo-belar, sugeria, betun, ore-ondo belar, sasibelar, otondoko eta ataondo-belar behintzat bai. Betuna behazuna ere bada, eta agian harentzako sendagai ere bada. Otondo, otondoko eta ataondo izen horiek ez ote datoz atariko izatetik? Otearen aldamenekoa izatetik ote datozen ere ikusi izan dut, ez dut gogoan non.

Erleek oso gustuko dute, eta polinizazio beharrean direnen landareen aldamenean jartzen da, baratzeetan, lorategietan, fruta arboladietan... Oraintxe dago loretan, udaberri-uda ia osoan ikusiko duzu. Ekarri etxera landaretxo bat, mamuak eta amesgaiztoak uxatuko dizkizu; buruko min eta gaitzetarako hor duzu, eta memoria hobetuko dizu. Lastima sorginkerien aurka egiten duela...