“Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.
Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela asteburu pasa Errioxara. Artean, nik 13-14 urte nituen. Eta a zer poza hartzen nuena: asteburu osoa neuretzat, nahi nuena egiteko, nahi nuen orduan bueltatzeko, nahi nuena jateko, lagunak etxera ekartzeko… Eskertzekoa adin horrekin eta zentzuz (behintzat hein handi batean…), ni asteburu osoa bakarrik egoteko hezi izana; eskertzekoa, heldutasun hori lortzeko baliabideak eskaini izana. Aitzitik, irakaslea izaki, sarri ikusi ohi ditut ikasle asko autonomiaz egin beharko lituzketen zenbait gauza egin ezinik. Askotan, bakarrik egiteko aukerarik izan ez dutelako. Ez ote da modu autonomoan aritzea bizitzari aurre egiten ikasteko modu egokia? Ez ote da ikasteko modu bat gauzak hala moduz egin eta hurrengoan hobeto egin daitezkeela jabetzea?
Irakaslea izaki, sarri ikusi ohi ditut ikasle asko autonomiaz egin beharko lituzketen zenbait gauza egin ezinik. Askotan, bakarrik egiteko aukerarik izan ez dutelako
Gaur egun, ez nago ziur ikasketa modu horiek murrizten ez ote gabiltzan. Laboak zioen moduan, ezinbestekoak direla iruditzen zait, beste hainbat baliabideren moduan. Nik uste, askotan, gazteak babestu nahian edo guk izan ez genituen zenbait hobari erraztu nahian, izan genituen ikasketak eskaintzeari uzten diogula. Agian, geure beharrak asetzeko asmoz? Edota gure beldurrak saihesteko? Esango nuke gazteek senez erreklamatu ohi dituztela bakarrik ekiteko bide horiek.
Kontua da hainbat gauza norberak eginez ikasten direla; zaildu, eroriz eta altxatuz egiten baita. Honela dio hezkuntzan erreferentzia den Stanford-ko Unibertsitateko George Kembelen ikas-metodo ezagunak: “Eginez ikasten da, eta ez entzunez”.
Badirudi, bestalde, beste behar batzuk asetzeko ez dugula hutsik egiten, bereziki baliabide materialak emateko; esango nuke Gabonetan ume edota gazte askori ez zaiela ikatzik etorri etxera, kontrakoa baizik. Kasu gehienetan sobera.
Amaitzeko, ostera Laboaren jakintzari egingo diot erreferentzia: “Amatxo maite! Ohar zaitez benetan maite nauzun ama izan nahi baduzu… eta nik zu maitatzea… nik izatea nahi dudana izatera utzi behar nauzula. Hau baita bide bakarra biok elkar sanoki maitatzeko… zuk zure nortasunaz, nik nereaz… Ama! Eten dezagun lehen gorputzarena bezala orain, gogoaren zilbor-hestea”.
Adizu, ama
badakizu
sortze berean
zuri gorputzez
lotzen ninduen zilbor-hestea
sendagileak nola eten zuen.
Lehenengo eten beharra izan zen:
bizitzaren bizitzeko lehen legea.
Haurtzaroan
titia eman zenidan,
mutil-aroan
eskoletara bidali
bizitzarako armak hartze arren.
Dena eskertzen dizut;
duen balore guztian,
nik ahal dudan neurrian
Bainan, gaztaroan
amatxo maite!
Ohar zaitez
benetan maite nauzun ama
izan nahi baduzu
eta nik zu maitatzea,
ni naizena
nik izatea nahi dudana izatera
utzi behar nauzula.
Hau baita bide bakarra
biok elkar sanoki maitatzeko,
biok alkar osoki eta betikoz maitatzeko;
zuk zure nortasunaz, nik nereaz,
zuk zure nortasunaz, nik nereaz.
Ama! Eten dezagun
lehen gorputzarena bezala
orain, gogoaren zilbor-hestea.
Ioritz Gonzalez Lertxundi, irakaslea