Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Zilbetin magnesita harrobia egiteko egitasmoa. UPNk 2010ean baimendu zuen, baina SEO/Birdlife talde ekologistak helegitea jarri, eta epaileak proiektua atzera botatzea ebatzi du, babesturiko eremu batean “kalte konponezinak” eragingo lituzkeela argudiatuta.
SEO/Birdlifek sententziagatiko poza adierazi du, “epaileak proiektuari ezezko irmoa eman baitio”. Gogorarazi duenez, Nafarroako Gobernuak Zilbetiko pagadiak Natura 2000 Sarearen barruan sartu zituen –honek Europa mailan ingurune-ezaugarri bereziak dituzten eta babestu beharrekoak diren espazioak biltzen ditu–, eta ondoren, 2005ean, Gobernu berak bertako pagoen kontserbazioa bermatzeko plana abiatu zuen.
Alabaina, 2007an MAGNA enpresak iragarri zuen Azkarateko harrobia agortzen ari zela, eta harrobi berrien beharra zeukala. Horrela, Kontserbazio Bereziko Gunea den Zilbetin magnesita harrobi berri bat egiteko egitasmoa aurkeztu, eta 2010ean UPNren Gobernuak egitasmoa onetsi zuen. “Baimena eman zuen, nahiz eta jakin harrobi baten jarduna guztiz bateraezina dela espazio natural baten kontserbazioarekin”, azpimarratu du SEO/Birdlifek.
Nafarroako exekutiboaren erabakia ikusirik, aipaturiko GKEko eta Alduide Mendia Koordinakundeko kideek auzitara jotzea erabaki zuten. Euren iritzirako, MAGNA enpresak baliabide ugari zituen babestutako eremutik kanpo, beraz, “zentzugabea” zen harrobia Zilbetiko pagadi babestuetan egitea. Horrela, bada, auzibideari euren aldeko epaiarekin eman zaio amaiera. “Epailearen erabakiak arrazoia irmoki eman digu”.
SEO/Birdlifek azpimarratu duenez, “orain da eskualdeko herrientzako beste garapen eredu bat eskatzeko unea”. Talde ekologistaren aburuz, bertako herrien garapena ez litzateke harrobi batean oinarritu beharko, “herritarren ongizatea eta ingurumenaren errespetua, biak bermatuko dituzten proiektuetan” baizik.
Zilbeti, “balio ekologiko handiko” eremua
Ingurumenaren aldeko elkartearen arabera, Zilbetiko espazioa barnebiltzen duen Alduide Mendia Kontserbazio Bereziko Gunea bere biodibertsitateagatik da ezaguna. Bertan, besteak beste, galzorian den okil espezie baten populazio osoaren laurdena dago. Aipatu GKEaren estimazioen arabera, harrobia egiteko 54.390 pago botatzea zegoen aurreikusirik –horietatik 17.306 pago helduak izanen lirateke, “asko ehun urtetik gorakoak”–.