argia.eus
INPRIMATU
Zilarrezko Euskadi Sariak jasoko dituzte Ibrahima Balde, Amets Arzallus eta Eshkol Nevok
  • Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako "Miñan" eleberria autobiografikoak, eta Eshkol Nevoren "Tres pisos" nobelak eskuratu dituzte Gipuzkoako Liburu-saltzaileen gremioak banatzen dituen Zilarrezko Euskadi Sariak.

     

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 19a

Ibrahima Balde, Amets Arzallus eta Eshkol Nevo dira Gipuzkoako liburu-saltzaileen gremioak banatzen dituen Zilarrezko Euskadi Sarien aurtengo irabazleak. Lehen biak, "Miñan" eleberri autobiografikoarengatik jaso dute saria. Nevo, aldiz, "Tres pisos" izenburu duen nobelagatik saritu dute. Liburuaren egunaren bueltan eman ohi diren sariak ohikoan, baina aurtengo pandemiaren egoera dela eta apiriletik azarorarte atzeratu behar izan dute sari-banaketa.  

Euskarazko sarien irabazlea izan da Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek etorkinek bizi duten errealitate gordina azaldu nahian idatzi zuten ‘Miñan’ liburua. Ibrahima Baldek jaioterritik Europara iritsteko egin behar izan zuen ibilibide gatazkatsua jasotzen du. Baldek esanari Arzallusek egitura eman zion, eta papelera eraman, euskaraz. Honela azaltzen du liburuaren jatorria eta zergatia Arzallusek, GARAri urte hasieran eskeinitako elkarrizketan: "Migranteen atzean zenbat motibo eta korapilo egon daitezkeen erakutsi zidan Ibrahimak. Bestetik, kontatzeko modua ere oso berezia du: afrikarrek orokorrean frantses berezi bat egiten dute, kontraste bereziak dituena –eskolan ikasitako esapide jaso xamarrak tartekatuz– eta momentukotasunetik hurbil dagoena, eta Ibrahimak begirada eta logika berezia du hizkuntzaren mekanika horren barruan".

Gaztelerazko sarien irabazlea izan da Eshkol Nevoren ‘Tres pisos’ nobela. Idazle israeldarraren orrialdeetan "nabarmentzen den literaturen freskotasunagatik" hautatu dute irabazletzat. Hiru kontakizunek osatzen duten eleberria da eta gizartearen eta egungo komunikazioaren paradigma jorratzen du, gizabanakoen gatazka, traumak eta sekretuak abiapuntu dituelarik.