argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean manifestazioa deitu dute Donostiako gazte auziperatuen alde
  • "Ez dugu onartzen epai hau. Kostatuko zaie gu eramatea" adierazi dute Donostiako gazte auziperatuek gaur eguerdian prentsaren aurrean agertuta. "Herri harresia" antolatzeko deia egin dute eta horretarako manifestazioa deitu dute larunbatean, 17:00etan.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 09a
Manifestazioa amaitzean eserialdia egin zuten atzo Donostian. (Argazkia: Topatu.info)

Manifestazioaz gain, Askegunea ere antolatuko dute gazte donostiarrei elkartasuna adierazteko. Bertan parte hartzeko deia egin dute: "Herri harresia eraikitzeko konpromiso maila guztiak beharrezkoak izango dira".

Zortzi gazte zigortuta

Donostiako zortzi gazteren aurkako zigorra berretsi eta beste zazpi absolbitu egin ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Segi "talde terroristako" kide izatea leporatu eta seina urteko espetxe zigorra ezarri diete zortzi gazteei.

Zigortutako gazteak Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi dira. Delitu ekintzarik egin izana frogatu ez den arren berretsi du haien aurkako zigorra Auzitegi Gorenak.

Atzo arratsaldean Donostian egin zen manifestazioan parte hartu zuten auzipetutako gazteek, eta gaur agerraldia egingo dute Boulevardean, 11:30ean. Atxilotzen dituzten arte egongo dira hor, babesa ematera hurbilduko diren herritarrekin batera.

Absolbituak, bestalde, Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi dira.

Torturapeko deklarazioak

Zortzi gazteak torturapeko deklarazioetan oinarrituta zigortu ditu Auzitegi Gorenak, Oihana Elduaien kazetariak Berria egunkarian nabarmendu duen bezala. "Zigortu dituztenen kasuan, hirugarren pertsonek inkomunikazio aldian haien kontra poliziari egin zizkieten adierazpenak daude funtsean, nahiz eta haiek tortura eta tratu txarrak salatu zituzten", dio Elduaienek. "Deklarazio polizial haiei, zigortuen etxeetan topatutako 'frogak' gehitu dizkie, haiek zigortzeko nahikoa elementu badagoela argudiatzeko". Froga horiek CDak, zapiak, kamisetak, errifak eta txostenak dira, adibidez.

Herritar ugarik eman die babesa auzipetutako gazteei. Horren isla da #GazteBatGehiagoEz etiketarekin Twitterren bidalitako mezuak.