argia.eus
INPRIMATU
Zigorrik ez emakume bortxatu bati hankak ongi itxi al zituen galdetu zion Gasteizko epailearentzat
  • Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) amaitutzat jo du María del Carmen Molina Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Gasteizko 1. Epaitegiko epailearen aurkako auzia. Clara Campoamor elkarteak jarri zion denuntzia Molinari, sexu erasoa salatzera joan zen emakume baten deklarazioan biktimarekiko izan zuen jarrera iraingarriagatik. Hankak ongi itxi al zituen eta horrelako galderak egin zizkion.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 14a
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN). (Argazkia: Luís García-CC BY-SA)

“Testuingurutik kanpo agertzen badira desegokitzat hartu daitezke”, baina ez dira “begirunerik gabeko adierazpenak”. Hitz horiekin bukatutzat jo du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko buruak María del Carmen Molina epailearen aurkako auzia. BJKNren ustez Molinak esandakoa gertatutakoa argitzeko helburuaren testuinguruan aztertu behar da, sexu erasoaren inguruko aurretiazko salaketarik eta mediku txostenik ez baitzen egon eta horregatik emakumearen deklarazioa funtsezkoa baitzen.

Ebazpenak gaineratu du ez zela abokatu edo fiskalik izan epailearen jarreraren inguruan salaketa egin zuenik.   

Clara Campoamor elkarteak Molina kargutik kentzeko eskatu zuen otsailaren 17an izandako epaiketaren ondoren, sexu erasoa salatzera joandako emakumearekiko jarrera gaitzetsiz. Epaileak indarkeria matxista jasaten duten emakumeen “eskubideak etengabe urratzen dituela” adierazi zuten.