argia.eus
INPRIMATU
Zigorra

Pablo Sastre Forest 2021eko apirilaren 08a

Udaberriko oporraldi garaian idazten dut hau. Bizi garen etxetik, bizi garen herritik edo bizi garen probintziatik hara egun batzuetarako irteteko baimena eman digutela-eta, gure esker ona autoritateei. Jakinaren gainean gaude: hala moduzkoak izango dira hemendik aurrera oporraldiak.

Mundua kontzentrazio-zelai batean bihurtzen ari zela entzun nuen lehenengo aldian, alderaketa gehiegizkotzat jo nuen. Orain, ez. XX. mendeko zelai izugarriak eraiki ziren kontrol-logika berean eraikitzen ari da bizi garen hau. Noski, bere dimentsioetan (eta, hargatik, bere oharkabean) ez ezik, erabiltzen dituzten teknologietan ere zenbait pauso haratago jo dute zelai-diseinatzaileek; izugarriari estutu berria eman diote.

Kutsatuta egoteko susmopean etorkinak daramatzatela Italiako kostak korritzen dituzten itsasontziei begira, Erdi Aroan Europako ibaietan zebiltzan ero-ontziak etorri zaizkit... Eritik erorako pausoa ematen ari garen egunetan idazten dut hau.

"Defentsa gutxi dugula geratu da agerian. Bide librea dute gaixotasunak eta gaiztakeriak horrenbestean"

Egun batzuetarako, zelaiko ateak erdi ireki dituzte... datozen birus-agerraldietarako, neurri murriztaile eta arau arbitrario berrietarako preparatzen ari zaizkigu. Oraindik ere lagun batzuek amets txar hau noizbait amaitu egingo dela uste dute. Ez da nire ustea; olatuka, faseka, beldurtuta eta triste existitzeko bizi arteko zigorra ezarri digute.

Bizia duen guztia xehatzeko, balio diona beretzeko eta balio ez diona erre eta kiskaltzeko misioa hartu du beretzako makinak. Mintza gintezke makina horretaz; mintza gintezke bizitzaz, heriotzaz... mailuak iltzeari legez, positiboen kopuruez eta herritarren arduragabekeriaz baino ez zaizkigu ari.

Kontent egoten ahal dira esperimentuaren arduradunak. Asmo osoan edo hala beharrean, beren gorputz eta gogoak haien eskuetan uzten ari da jende gehiena. Indartsuak, ulertzen da: jokalditik indar berrituta aterako direlakoan baitaude. Ahulak, berriz...

Laborategiko nagusiek, direnak direlako horiek, eliteek, mila milioika gizakiren sarraskia gogoan darabiltela entzun nuen lehenengo aldian, ez nion kolorerik ikusi. Kosta egiten da, horretarainoko ankerkeria imajinatzea. Geure begiz ikusten ariko ez bagina...

Ekintza-ahalez, harreman-ahalez eta adimenez motel heldu ginen oso lehengo urteko udaberrira. Harrezkero defentsa gutxi dugula geratu da agerian. Bide librea dute gaixotasunak eta gaiztakeriak horrenbestean.

Asaldatuta segitzen dugu aditzen hainbat medikuren, hainbat politikariren, hainbat kazetariren ahotsak, txerto gehiago, kontrol gehiago eskatzen dituztenak. Bihotza golkoan dugula segitzen dugu ikusten, euren ikasleei mozala jantzarazten dizkieten irakasleen eskuak. Norbere ardurapekoen onbeharretan ari direlakoan ote? Pentsa liteke, baita ere, bizirik ateratzen direnen trenean beren eserlekua ez dutela galdu nahi, edo hartarako txartela erosi nahi dutela. Oso mehe heldu dira, antza, eserleku horietaraino, hargatik euren hurbil-hurbilekoak edo maiteak izaten ahal diren biktimen intziriak.

Ez dakit profesional horiei guztiei kargu hartu beharko litzaiekeen: biktimetarik ere badira-eta eurak. Eta, guztiarekin, ume bat maskaratuta, iritzi bat isilarazita, lagun bat txertategira bidean ikusten dudan bakoitzean, ezin dut ekidin, begiak haiengana doazkit.

Hauxe da, batzuen ustez, hitz bitan esanda, osasunari buruz marrazten ari den etorkizunerako plana: ale onak (aparra) hobekitzea, ale txarrak (zaborra) hil daitezen utzi, edo hilaraztea.

Susmatzen du pobreak, ke eta zurrunbiloen artean sumatu, biziko bada, hobea duela makina horretatik apartean ibiltzea. Jarraitzen du, bizkitartean, bere zenbait ahal (edo botere) handiarazten dioten, baina bere ahalmena (edo potentzia) txikiarazten dioten smartphonea bezalako makina txikietan atzemanda. Alabaina makina horiek eurak dira, preseski eta ageriki, neurri handi batean, gogoa (gogo-indarra, gogoramena, gogoeta) eta harreman estuak barreiarazten dizkiotenak, eta ekintzarako ezintzen dutenak.

Pobreei, esan nahi baita, beste deus baino, bakean utz gaitzaten nahi dugun gizajende gehienari, gauzak artean: lagunartean, maite artean, jendartean, eta gauzak artez egitea, baizik ez litzaiguke geratuko: artea.

Oraingoz izenik ez duen zerbaiten esperoan...