argia.eus
INPRIMATU
Zigorgabetasunaren armak

Ana Gorostidi Pagola Bernard López Uranga 2022ko maiatzaren 30a

Maiatzaren 21ean, larunbata, Kaxilda (Donostia) liburu-denda asoziatiboko lankideek gertakari larri eta desatsegina pairatu zuten. La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí liburuari erreferentzia eginik, pertsona batek (ustez Ibon Aperribay) egileei mafiosoak izatea leporatu zien, eta artatu zuen langileari bizkarreko ederra eman zion. Solasaldi literario batean hitz egitera gonbidatutako herritar batengan baino, Francis Ford Coppolaren Aitabitxia-ren ahotan (agian liburu beraren azalak gogora ekarrita) esperoko genituen hitzak errepikatu zituen agurtzeko: "Sentitzen dut lokal honengatik eta zuengatik, lokal polita da".

"Kaxilda liburu-denda elkarteari, bertako langileei eta adierazpen-askatasuna babesten duten guztiei, gure elkartasunik sentituena eta babesik sutsuena"

Sentitzen dugu gure Aitabitxia-k bezperan liburu-denda berean egin zen liburuaren aurkezpenera joaterik ez izana, eta Euskal Herriko 11 talde antimilitaristek berretsitako dokumentuan azaldutakoarekin duen desadostasuna azaldu ez izana. Era berean, gonbidatzen dugu azaltzera liburuko zein datu ez den zuzena, bide zibikoagoak erabiliz beti ere.

Liburuaren edukiaz harago, eta Aperribay familiak heriotzaren industriarekin dituen negozioei egin diezaiokeen trabaz harago, pertsona horren hitzek iradokitzen dituzten mehatxuak gaitzesten eta salatzen ditugu. Are gehiago salatzen dugu elkarrizketa eta hausnarketarako esparru batean egin izanak.

Kaxilda liburu-denda elkarteari, bertako langileei eta adierazpen-askatasuna babesten duten guztiei, gure elkartasunik sentituena eta babesik sutsuena. Mundu hau desarmatzeko eta gatazka armatuekin amaitzeko dugun borrokaz harago, dokumentu honen oinarrian dagoen ikerketa nekeza zuzenbide zibilaren eta askatasunaren erabilera dela uste dugu.

Boteretsuak eta zigorgabetzat jotzen direnak desarmatzeko borrokan, donostiarrak, liburu-dendak, auzo-elkarteak eta mundu hobe baten alde lan egiten duten gainerako taldeak animatzen ditugu komunitate gardenago baten alde borrokatzen jarraitzera, non adierazpen askatasuna ez den mugatuko.

 

* Ana Gorostidi Pagola eta Bernard López Uranga Bake-Ekintza Antimilitarista taldeko kideak dira