argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagunen genozidioa eragin zuen Ríos Montt Guatemalako diktadore ohia hil da
  • Guatemalako diktadore ohia eta armadako jenerala, José Efraín Ríos Montt igandean hil da, 91 urte zituela. Gerratik 21 urte igaro direnean, diktadorearen sarraskien zauriek zabalik jarraitzen dute Guatemalan.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 03a
Ríos Montt Guatemalako diktadore ohia (Arg: El Comercio)

Ríos Montt Guatemalako diktadorea 80 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2013an, 1982 eta 1983an maia ixil herriko 1.771 jatorrizko herritarren heriotza eragin zuen genozidioagatik eta gizateriaren aukako krimenengatik. Alabaina, epaia baliogabetu zuen Gorte Konstituziogileak, eta epaiketa berri bat agindu zuen. Biktimen eta giza eskubideen aldeko eragileen hitzetan, epaileek presio handia jasan zuten.

Ríos Monttek 36 urte iraun zuen diktaduran, eta denbora horretan 250.000 lagun hil edo desagertu ziren; jatorrizko herritarrak eta zibilak gehienak. Orobat, milaka emakumeren aurkako sexu erasoak burutu zituzten gizonek. Nazio Batuen Erakundearen arabera, krimen haietako %93 militarrek eta paramilitarrek egin zituzten. Gainera, armadako jeneral gisa lan egin zuen 17 hilabeteetan, jatorrizko herritarren aurkako 250 hilketa kolektibo baino gehiago gidatu zituen, 25.000 pertsona hilez.

Nor zen Ríos Montt?

Ríos Montt-ek 1983an galdu zuen herrialdeko presidentetza, garaiko defentsa ministro Óscar Humberto Mejía Víctores-ek estatu kolpea eman zuenean. 1989an, Ríos Monttek Guatemalako Fronte Errepublikarra (FRG) alderdia osatu zuen militar ohien eta politikari ultraeskuindarren laguntzarekin, eta Kongresuko diputatu izan zen sigla horien pean, 1994tik 2002ra. 2003an presidente izateko aurkeztu zuen bere burua, baina hauteskundeak galdu zituen.

Guatemalako justiziak begiz jo zuen diktadore ohia, 1999an Rigoberta Menchú indigena nobel saridunak zortzi militarren aurkako kereila aurkeztu zuenean Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionalean, tartean Ríos Montt. Genozidioagatik, torturengatik eta Estatu terrorismoagatik jarri zuen kereila Menchúk.

Hala, 2000an, Guillermo Ruiz Polanco epaile espainiarrak hartu zuen auziaren gidaritza. Auzi penalak egun irekita jarraitzen duen arren, 2007an Gorte Konstituziogileak diligentzia ukatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari.

2013an, diktadorea 80 urteko kartzelarekin zigortu zuten, baina Konstituziogileak berriro ukatu zuen hau. Hortik prozesu berri bat hasi zuen epaiketak, ateak itxita, eta Ríos Montt kartzelara sartu ezinik, azken urteetan pairatu duen gaixotasunagatik.