argia.eus
INPRIMATU
Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian
  • EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak emandako hainbat lizentzia "irregularrak" izan daitezkeela dio.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urtarrilaren 30
SOS Talaimendi

Epaitegietan hamar urteko bidea egin ostean, joan den astelehenenean ezagutarazi zen Zarautz eta Orio arteko natur eremu babestuan eraikita dagoen hamaika logelako etxebizitza legez kanpokoa dela, eta, hortaz, eraitsi eta lurrak lehengoratu egin behar dituela jabeak. Baita Aiako Udala zigortu dutela ere. Izan ere, Talaimendi natur gune babestuko lurrak Aiako Udalarenak dira, eta auziaren erdian dagoen etxea, berriz, Zarauzko EAJko hirigintza zinegotzi ohi baten sendiarena. Baserri bat berritzean zetzan lana, ustez, baina Lurzoruaren legea errespetatu gabe berreraiki zen, araudiak agindutakoa baino urrunago eta hiru aldiz handiago. Aiako Udalak (EAJ) eman zituen baimenak. Parapentean aritzen direnek presio eginda, Gipuzkoako Aire Federazioak ipini zuen salaketa.

SOS Talaimendi plataformak sareetan zintzilikatu du ezagutu berri den EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena. "Epaiak ez du zirrikiturik utzi bere oinarrietan", diote komunikatuan, eta, "legearen mende", plataformaren ustez "oraindik merezi duten legezko zehapenik jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen dira ebazteke: "Horregatik, beharrezkoa den zuhurtziaren pean, aurrera egingo dugu auzi honen arduradun guztiek beren ekintzengatik erantzun arte".

Oharrean jakitera eman dutenez, laster helduko da Zarauzko Udalaren jardunen inguruko ebazpen bat. Erreportaje honetan kontatzen genuen moduan, lur-eremua Aiako Udalarena bada ere, Zarauztik oso gertu dago, eta hirigintza arloko baimenak –ur kanalen eraikuntzak eta errepidearenak, besteak beste– Zarauzko Udalak ematen ditu. Hain zuzen, Zarauzko Udaleko Hirigintza Sailak. Alor horretako zinegotzia zen etxearen jabea den Garrastazu familiako Maite Garrastazu.

SOS Talaimendik adierazi duenez, etxearen eraikitze prozesua baliogabetu egin baldin badu EAEko Auzitegi Nagusiak, Zarauzko Udalak emandako lizentzia horiek ere "irregularrak" izan daitezke. "Horixe da espero duguna", adierazi dute.