argia.eus
INPRIMATU
Zigor Garro Lapurditik kanporatu du Frantziako poliziak eta Errenterian da, 22 urteren ostean
  • Zigor Garro euskal preso politiko ohia Biriatura eraman du Frantziako Poliziak maiatzaren 5 goizean, eta Espainiako poliziak entrega gauzatu dela baieztatu ostean, aske geratu da. Iazko azarotik Hendaian bizi zen baldintzapeko askatasunean eta maiatzaren 2an bete zuen kondena eta ondorioz, egun horretan kendu zioten orkatilan lotutako kontrol aparailu elektronikoa. Frantziako estatuan bizitzeko debekua ezarri diote eta defentsak helegitea aurkeztua du. Erantzuna jaso artean, Errenteriara itzuli da, bere jaioterrira, 22 urteren ostean.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 06a
Argazkia: @kazetaeus

Garrori etxea eta lana aurkitzeko exijitu zion Frantziako auzitegiak baldintzapean aske utzi zuenean eta biak betetzen zituen: Hendaian jarria zen bizitzen eta AEKn lanean. Garrok adierazi du "oso erraz baimen zezaketela kanporatua ez izatea, baina argi utzi dutela borondate eskasa dutela". Oraingoz ezin izango du Ipar Euskal Herrira itzuli.

EH Baik gogor salatu du Garro kanporatu izana, noiz eta osasun larrialdi egoera baten erdian eta epaitegiek oraindik Frantziako estatuan bizitzeko debekuari buruzko erantzunik eman ez dutenean. "Euskal Herri osoan libre mugitzeko eskubidea" eskatu du.

Garrok duela 22 urte egin zuen ihes etxetik eta 2006an atxilotu zuten, ETArekin lotuta. Hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta azaroaren 28an irten zen baldintzapeko askatasunean Mont de Marsango espetxetik.