Ostegun goizean atera da Zigor Garro preso oreretarra Mont Marsango (Okzitania) espetxetik, baldintzapean, eskumuturreko telematikoa jarrita. Zigorra bete arte –datorren udaberrian– senideek Hendaian duten etxean biziko da Garro.
Zigor Garro 2006an atxilotu zuten Quezac herrian (Lozere, Frantzia), Marina Bernado, eta Ekain Mendizabalekin batera, ETAko kide izatea egotzita. Oreretarra da Frantziak baldintzapeko askatasuna emandako Hego Euskal Herriko lehen presoa.
Zigor egokitzapena termino juridikoa erabili du Zigorrak Ezartzeko Parisko Dei Auzitegiak Garro baldintzapean aske uzteko, Berria egunkariko kazetari Enekoitz Esnaolak azaltzen duen moduan, Urriaren 23an egin zuten Garro baldintzapean aske uzteari buruzko auzi saioa, eta, ohi ez bezala, prokuradorea ez zen agertu presoa askatzearen kontra. Azken hilabeteetan hainbatetan eman diote presondegitik ateratzeko baimena. Iazko otsailean, esaterako, amaren ehorzketan izan zen, Zokoan.