Pablo Berastegui Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko zuzendari berriak euskaraz ez jakiteak sortu duen polemika ostean, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskarako zuzendariak bere iritzia eman du Aldundiko webgunean.
"Ulertzen dugu euskaldunon artean sortutako egonezina, eta eskertzen dugu euskaltzaleek marra gorriak ezarri izana", adierazi du Etxeburuak. “Gauzak hobeto egin ahal genituela” aitortu du ere. Izan ere, Aldundia zuzendari berria hautatu duen Patronatuko kide da, eta Berastegui aho batez hautatu zuten. Zuzendaria aukeratzeko pleguek ez zuten jasotzen euskararen derrigortasunik.
Gipuzkoako Aldundiak euskarari lehentasuna emateko konpromiso irmoa duela azpimarratu du Euskarako zuzendariak. Egun, Aldundiko langile berri guztiei euskarazko gutxieneko maila izatea exijitzen zaie, eta irudi korporatiboan eta komunikaziorako ere euskara da lehenesten duten hizkuntza, “herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen ofizialtasuna errealitate bilakatzeko”.
Donostia 2016ko zuzendari berriak euskara ikasteko konpromisoa erakustea eskertzekoa dela uste du Etxeburuak, eta egoerak “ahalik eta eragin txikiena izan dezan" saiatuko direla adierazi du.