Otsailaren 18an Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak Diputazio Iraunkorreko saioan agerraldia egin zuen. Bere hitzartzearen txostena helarazi zien hedabideei, eta bertan dago Ingurumen sailak EAEko zabortegiei ezarritako zigorren berri. Verter ez da zigortuena.
Verterrek zigor bakarra jaso du orain arte, larria, eta 2012an izan zen. PCBz (bifenilo polikloratuak) kutsatutako lurrak bolada batean bertan gorde izana da zigortu zutena, 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuak ez baitzion horretarako baimenik ematen.
33.000 euroko zigorra ezarri zion Jaurlaritzak, eta berreskurapeneko neurriak hartzea.
Irakurleak gogoratuko du eskandalu honen berri 2015ean epaitegietatik jakin zela, PCBak bertan utzi zituen enpresa zela epaiak zigortu zuena, eta horren baitan jakin zela Zaldibarko zabortegira eraman zituztela osasunarentzat oso kaltegarriak diren gai biziki toxiko hauek. Ez zuela, alegia, Ingurumen sailaren ikuskaritzak detektatu.
2008tik 13 zigor ezarri dizkio Ingurumen sailak EAEko zabortegiei, denak larri kalifikatuak. Hamahiru zigor horietan, guztira 707.001 euroko kopurua ordaindu dute. Zigor arinena 27.000 eurokoa izan da eta larriena 120.000 eurokoa. Verterrek jasotako bakarra arinenetakoa da, beraz.