argia.eus
INPRIMATU
Zigor arina ezarri diote G7aren aurkako ekintzaile bat aurpegian zauritu zuen poliziari
  • 90 egunez 15 euroko isuna ordaindu beharko du 2018ko abenduan Miarritzen Lola Villabriga gaztea aurpegian LBD jaurtigailu batekin zauritzeagatik.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 26a
Poliziak G7an. Argazkia: Lander Arbelaitz

Ostiral honetan hainbat lagun elkarretaratu da Baionako auzitegiaren atarian, han ebatzi dute 2018ko abenduan Miarritzen Lola Villabriga ikaslea aurpegian zauritu zuen poliziaren aurkako auzia. Epaiaren arabera, 90 egunetan 15 euroko isuna ordaindu beharko du agenteak, Berria egunkariak argitaratu duenez. Irailaren 17an kalte-ordainak zehaztuko dituen bigarren epaiketa izango da.

Defentsak “istripua” izan zela argudiatu du, eta Poliziak jasaten omen duen “bortizkeria” izan du hizpide. Horrez gain, gizartearen “segurtasuna bermatzeko” Poliziaren “beharra” azpimarratu du.

Polizia gehiegikerien aurkako Desarmons Les taldea lekuko izan da, agenteek erabiltzen dituzten armak debeka ditzaten aldarrikatzeko. “LBD jaurtigailuak gerra garaian erabiltzen dira”, salatu du erakundeak. Poliziek erabiltzen dituzten armak “askatasunaren aurkakoak” direla dio Villabrigaren abokatu Sophie Bussierek, eta manifestatzeko askatasuna, berriz, “egoera zaurgarrian” uzten duela.

Villabrigak jaso zuen zauria G7aren testuinguruan kokatu du Bussierek, eta Villabriga “manifestariak beldurtzeko” zauritu zutela salatu du. Ondorioz, LBD40 jaurtigailuak debekatu ditzaten eskatu du.