argia.eus
INPRIMATU
‘Zigi Zaga’ aldizkari berriak sormenaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du
  • Azpeitiko Kulturaz kooperatibak Zigi Zaga aldizkari digitala sortu du. Dinamoa sormen gunean egiten duten lana inguruarekin harremanetan jartzeko asmoz abiatu dute bultzatzaileek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko uztailaren 01a

“Hausnarketarako eta eztabaidarako gunea izan nahi du” Zigi Zagak, “bizi gaituen esfera publikoari bere aletxoa ekarri nahi diona”, bultzatzaileen esanetan. “Sareko aldizkari forma badu ere, haratago joan nahi du, eta komunitatea gorpuzteko ahalegina da, leku bat emateko”.

Aste honetan publikatu dute lehenbiziko zenbakia. Arantza Santesteban zinemagilea izan da lehen alearen editorea eta apokalipsiaren gaia ardatz hartuta, zenbait testu eta sorkuntza lan jarri ditu elkarrizketan.

Izen hauek daude lehen zenbakiko egileen artean: Ingrid Guardiola, Agustin Arrieta, Arrate Hidalgo, Nader Koochaki, Uxue Arzelus, Mikel Pejenaute, Jean-Gabriel Périot, Ernesto Cardenal, Xabi Borda eta Susan Sontag. Kasu batzuetan, argitalpen honetarako sortutako lanak dira; beste batzuetan berriz, gaiarekin lotura duten eta orain arte euskarara itzuli gabe zeuden testuak ekarri dituzte –Sontagen 1974ko Faxismo liluragarria ezaguna, adibidez, Amaia Apalauzak eta Danele Sarriugartek euskaratua–.

Dinamoa.eus atarian irakur daiteke egileon ekarpena: aldizkari osoa PDFan deskargatu daiteke edo artikuluak banaka kontsultatu. Gainera, proiektua aurkezten duen podcast bat ere sareratu dute, Santestebanen eta Xabier Gantzarainen azalpenak jasotzen dituena.

Urtean bi zenbaki argitaratuko ditu Zigi Zagak, hurrengoa urtearen bukaeran publikatuko dela iragarri dute. Egitasmoa gauzatu ahal izateko, Eremuak programaren diru-laguntza izan du Dinamoak.