argia.eus
INPRIMATU
ZientziHerria jaio da, zientzia herriaren esku uztea helburu
  • “Gutxi batzuen esku dagoen zientzia herriaren esku uztea eta pribatizaziotik at, zientzia eredu berri bat sortzea”. Horra EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikasleek abiatu berri duten ZientziHerria ekimenaren helburua. “Zinez uste dugu zientziak bere alea jar dezakeela iraultza integral baten mesedetan”, diote.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko maiatzaren 08a

Espiritu kritikoz, Herri Unibertsitatearen eta eskola kolektiboaren filosofiari jarraiki ekin dio taldeak. Zientziak herriarentzat behar lukeela eta egungo gizarte ereduan ez dela hala gertatzen ikusita, duela bi hilabete hasi ziren alternatiben bila. Prozesu horren hazia da ZientziHerria.

“Euskal Herriak denon jakintzatik behar du edan”

“Zenbat eta jende gehiagoren ekarpenak jaso, orduan eta aberatsagoa izango da euskal zientzialarion (edo izango garenon) subjektu berri hau. Ez dezala inork pentsa Newtonen edo termodinamikaren legeak zalantzan jartzea denik gure eginbeharra, hori baino sakonagoa baita arazoa. Euskal Herriak, denona izango bada, denon izatetik behar du edan, denon indarretik behar du, denon jakintzatik. Jaio besterik ez gara egin, eta inguratu nahi duena ongietorria izango da”.