argia.eus
INPRIMATU
Maddalen Aristegi Sanchez eta Ane Narbarte Lasa
“Zientziaren izenean egin diren sarraski askok eragina dute oraindik gure gorputzetan”
  • Ane Narbarte Lasa eta Maddalen Aristegi Sanchez oiartzuarrak dira Loregorri proiektuaren sortzaileak, “ziklizitatea eta hilekoa askatasunez bizitzea” helburu duen egitasmoa. Euskal Herri osotik euskarazko tailerrak emateaz gain, haiek ekoiztutako konpresa ekologikoak ere saltzen dituzte Internet bidez. Urtarrilaren 25ean, Getxon izan ziren “Gure bulbak dekolonizatuz” izeneko tailerra ematen.

Hiruka .eus Nahia Martinez Gondra 2023ko urtarrilaren 30
Nola sortu zenuten Loregorri proiektua?

Maddalen Aristegi Sanchez: Nik psikologiako gradua Argentinan egin nuen, eta bertan bizi nintzenean hilekoaren inguruko proiektu bat garatu nuen. Orduan, ikastaroak egiten hasi nintzen, eta gaiaz asko ikasi nuen. Euskal Herrira bueltatu nintzenean, Aneri komentatu nion hilekoa euskaraz landu nahi nuela, eta galdetu nion ea proiektuaren parte izan nahi zuen. Izan ere, Ane eta biok eskolatik ezagutzen gara eta beti oso harreman ona izan dugu.

Hiru urte pasa dira proiektua hasi zenuenetik. Nolakoa izan da bidea?

Ane Narbarte Lasa: Loregorri 2020an jaio zen, konfinamendu garaian, eta horrek bidea zaildu du. Hala ere, oso harrera ona eduki du proiektuak. Behin konfinamendutik atera ginela, konturatu ginen jendeak horrelako ikastaroen gogoak zituela. Guk gabezia horretatik lan egiten dugu, ikusten dugulako beharrezkoa dela hilekoaren eta ziklizidadearen inguruan hitz egitea. Bestalde, proiektua era batean hasi zen, eta beharren arabera aldatzen joan da.

M.A.S.: Ikastaroei dagokionez, geunden egoeragatik hasieran ezin ginen bildu. Beranduago musukoarekin ibiltzen ginen, baina ez geunden guztiz eroso. Guk beti esaten dugu Loregorrik bere erritmo propioa duela eta gu erritmo horretara moldatzen garela.

“Gure bulbak dekolonizatuz” tailerra antolatu zenuten Getxon. Zehazki, zer lantzen duzue tailer horretan?

M.A.S.: Ikastaro honen helburua da gizartetik heldu zaiguna mahai gainean jartzea. Zientziaren izenean egin diren sarraski askok eragina dute oraindik gure gorputzetan. Gure asmoa da konturatzea zenbat kolonizatzaile-izen ditugun gorputz menstrualetan, eta zenbateraino ezagutzen dugun gure gorputza edota besteona. Lotsak eta beldurrak nondik datozen aztertzen ahalegintzen gara, eta pentsamendu horiek guztion artean kolektibizatzen ditugu.

A.N.L.: Azkenean, tailerretan sortzen den elkar-emate horretatik konturatzen gara guztiak lotura daukala. Barrutik ateratzen diren bizipenek kanpoan eragiten dute, eta aldrebes. Loregorrin ziklizidadea eta hilekoa lantzen ditugu ikuspegi "bio-psiko-sozio-ingurunetik". Hau da, kontuan hartzen ditugu hilekoaren eta ziklizidadearen esparru psikologikoa, biologikoa, soziala eta ingurunekoa.

Nori zuzenduta daude tailer horiek?

A.N.L.: Gorputz menstrualei zuzenduta daude. Ez dago adin konkreturik, baina gazteak gehiago azaldu dira, zehazki haiengana zuzenduta egon diren tailerretan.

M.A.S.: Badaukagu tailer bat bereziki guraso edo tutoreei zuzenduta dagoena. Egia da, gehienetan amak etortzen direla, baina gure generoa gorputz menstrualak dira; hori argi uzten dugu.

Zer da zuentzako gorputz menstruala?

M.A.S.: Guretzako ziklikoak izango diren, ziklikoak diren eta ziklikoak izan diren gorputzak dira. Gorputz menstruala hitza gustuko dugu pertsona guztiak ez katalogatzeko emakumearen iruditegitik abiatuta. Izan ere, badaude gorputz asko menstruatzen dutenak eta ez direnak emakume bezala definitzen, eta aldiz, badaude ere emakume asko ez dutenak hilekorik.

Eta menstrualak ez diren gorputzek ere zuen egitasmoan parte hartzen dute?

A.N.L.: Tutoreei, irakasleei eta gurasoei zuzendutako tailer horietan menstrualak ez diren gorputzak ere azaltzen dira. Tailer horietan lantzen dugu nola izan hilekoaren bidelagun eta nola jokatu kasu horietan.

Tailerrez aparte, denda ere duzue. Zer produktu saltzen dituzue?

A.N.L.: Momentu honetan, konpresa ekologikoak saltzen ditugu. Guk geuk ekoizten ditugu, eta horrek guk nahi ditugun oihalak eta diseinuak erabakitzeko askatasuna ematen digu. Proiektuaren hasieran bagenuen ere poltsa bat, baina, azkenean, alde batera utzi genuen.

M.A.S.: Konpresa ekologikoak saltzen ditugu ikusi genuelako Loregorriko proiektuan gorputza presente egoteko modu bat zela. Gainera, ekonomia zirkular eta ekologikoan sinisten dugun heinean, kontsumo eta zabor gutxiago sortzea da gure asmoa. Konpresa ekologiko batek bost urte irauten ditu, beraz, gure salmentak badu erritmo berezi bat.

Zuentzako zer da hilekoa?

A.N.L.: Nik hilekoarekin oso txarto pasatu dut gaztaroan kriston minak nituelako. Gaur egun, ordea, hilekoa osasuna da niretzako. Alde batetik, osasun fisikoa, niretzako garbiketa prozesu bat delako, eta beste aldetik, osasun psikikoa. Horregatik, niretzako hilekoa gaur egun lagun bat da. Eta hilekoa baino gehiago, ziklizidadea. Nire zikloak nola funtzionatzen duen ulertzea nire burua ezagutzeko modu bat izan da. Eta horri lotuta dago auto onarpena: faseak datozen bezala onartzea eta zure burua ulertzea.

M.A.S.: Niri ere osasuna izan da etorri zaidan lehenengo hitza. Hilekoa iruditzen zait nire ziklizidadea martxan dagoelaren adierazlea. Argi daukat hilekoa ziklo menstrualaren fase bat dela, eta zikloko fase guztietan nire burua topatzea zoragarria da. Baina hilekoaren fasea bereziki gozatzea gustuko dut. Mina etortzen denean ere nire burua entzuteko aprobetxatzen dut, eta gelditzeko momentua dela ulertzen dut. Beraz, hilekoa nire burua zaintzeko eta baimentzeko momentu gisa definituko nuke.

Zuen gaztaroan, zer informazio falta izan zenuten ziklo menstrualaren eta hilekoaren inguruan?

A.N.L.: Nire etxean, adibidez, ez da inoiz zikloa landu, eta, lehen aipatu bezala, niri informazio horrek asko balio izan dit nire burua ezagutzeko. Beraz, ziklizidadea gazteekin lantzeko beharra sumatzen dut.

M.A.S.: Nire ustez,  guk jasotako heziketa sexuala oso pobrea izan da. Hezkuntza sexuala baino, hezkuntza erreproduktiboa jaso genuen. Azken finean, hilekoa azaldu ziguten haurdun ez gelditzeko modu bat bezala.

Gaur egun hilekoa oraindino tabua dela esango zenukete?

M.A.S.: Nire ustez, bai. Horren adibide da iaz Espainiako Estatuan onartu zuten legea, hilekoagatik lanean baja hartzeko eskubidea baimentzen duena. Ez da existitzen beste baja zehatzik zeinak zehazten duen, esaterako, buruko edota giltzurrunetako mina izatekotan, lanean baja hartzeko eskubidea duzula. Ulertutzat ematen da. Zergatik ez da berdina gertatzen hilekoarekin? Legearen berezitasun horrek hilekoa oraindik tabua dela erakusten du.