argia.eus
INPRIMATU
Zientzia Museoa, Ekogunea eta Arotz Enea itxiko ditu Kutxa Fundazioak
  • Hiru erreferentzia gune garrantzitsu dira Gipuzkoan eta, fundazioak jakinarazi duenez, haietan egiten diren jarduerak Donostiako Tabakaleran dagoeneko duten 5.600 metro koadroko espaziora eramango dituzte. 2001ean ireki zen Zientzia Museoa 2023an itxiko da.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 29a
Eureka zientzia museoa 2023an itxiko da. (Arg.: Donostiako Udala)

 

Kutxa Fundazioak prentsa oharrean jakinarazi duenez, berregituraketa hau 2030 Plan Estrategiko berriaren barruan sartzen da. Ondorioz, “Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Tabakaleran, izango duen presentzia “birformulatu eta indartuko” dute. Kutxa Fundazioaren gune hori diziplinarteko ezagutza sustatzeko birpentsatuko da, “gizartea eraldatzen lagundu dezan, arte, kultura, zientzia eta teknologian oinarrituta, lurraldeko ezagutza eta berrikuntza-ekosistema zabalaren eskutik”.

Ekoguneari dagokionez, ez du informazio zehatzik eman, baina azaldu du beste eragile batzuekin batera ari dela bertan zerbait egiteko. COVID-19a hasi zenetik itxita dago Nafarroan duen Arotz Enea udaleku-etxea, eta orain behin-betiko itxiko da. Donostiako Kursaaleko kuboetan garatzen diren ekimenek eta programek, aldiz, aurrera jarraituko dute.

Kutxako zuzendari nagusi Ander Aizpuruak jakitera eman duenez, “Kutxa Fundazioak erabaki du erakundea eraldatzeko unea dela, Gipuzkoa eraldatzeko eragile gisa duen zeregina indartzeko, hots, Gipuzkoa kultuagoa, sortzaileagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa izan dadin erantzunak sustatu eta laguntzeko, pentsamendu kritikoan eta konpromiso kolektiboan oinarrituta”.