Duela urtebete burutu genuen Leioan EHUko Prekarioen Koordinadoraren sorrera suposatu zuen gure lehen batzarra. Sindikatu guztien ordezkaritza batek parte hartu zuen bertan, gainera. LOSUren aplikazioak gure unibertsitatean eragingo zituen kalteak aurreikusi genituen eta, zoritxarrez, hala izan da amaitzera doan ikasturte honetan.
Hasieratik ahalik eta atxikimendu gehien jasotzea izan zen gure helburua. Horrela, ikasturtearen hasierarekin batera, milatik gora irakaslek sinatutako agiria kaleratu genuen hainbat mediotan. Inolako erantzunik ez eta, ondorioz, ikasturtean zehar bi greba burutu ditugu EHUn 800 euro edo gutxiago kobratzen ari diren pertsonen egoera salatzeko eta bereziki konponbide bat eskatzeko. Tartean ere, Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean parte hartu dugu eta hamaika bilera, agerraldi, ekimen elkarrizketa eta prentsa ohar atera ditugu gaiaren inguruan. Horietan guztietan, gauza bat azpimarratu nahi izan dugu: EHUk LOSUri buruz egiten duen irakurketa hertsia eta murriztailea da. Are gehiago, berriki jakin dugu, baita publiko egin ere, badirela estatuan unibertsitateak bestelako irakurketa bat egin dutenak eta ondorioz ikerketa eta kudeaketa aintzat hartuz, soldata duinak bermatzen ari direnak. Ez da, jakina, gure kasua.
Aste honetan Unibertsitateetako Estatu Idazkariak berretsi du guk denbora honetan guztian salatu dugun hori, alegia, sakoneko arazoa ez dagoela legearen espirituan, EHUk egin duen irakurketa hertsi eta murriztailean baizik
Aste honetan Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Estatu Idazkariak kongresuan egin duen agerraldi batean berretsi du, hain zuzen ere, guk denbora honetan guztian salatu dugun hori, alegia, sakoneko arazoa ez dagoela legearen espirituan, EHUk egin duen irakurketa hertsi eta murriztailean baizik. Ez da lehen aldia erakunde publikoetatik horrelakoak entzuten dituguna; duela hilabete batzuk Eusko Legebiltzarrak berak Errektoretzari eskatu baitzion ikerketa eta irakaskuntza batuko zituen kontratazio politika berria martxan jartzea.
Are gehiago, Marije Fullaondo EH Bilduko parlamentariak eginiko galderei erantzunez, Estatu Idazkariak onartzen du bi aldiz bildu dela EHUrekin eta Errektoretzari jarrera eraikitzailea eta aktiboa eskatu behar izan diola arazoari konponbide bat emateko. Hau da, legearen irakurketa okerra egin ostean, gainera, borondate eskasa erakusten ari dela EHUren errektoretzatik auziari soluzio azkar bat emateko. Larria da benetan, oso larria! Ehunka pertsonari eragiten dien egoera gogorra mahai gainean, aspaldi egiten ez ziren bi greba garrantzitsu gure hiru campusetan eta Errektoretza taldea beste alde batera begira, soluzio bat bilatzeko aurrez aurre dagoen aukerari heldu beharrean.
Berriro diogu, Estatu Idazkariaren hitzek agerian jarri duten errektoretza talde honen jarrera oso egoskorra da eta hausnartzera, haien akatsak onartzera eta hurrengo ikasturterako prest eta martxan egongo den soluzio bat erdiestera deitzen ditugu.
Gure aldetik, hurrengo egunotan bilera bat eskatuko diogu errektoretza taldeari azalpenak eskatzeko eta soluzioaren premia aldarrikatzeko. Era berean, animatzen ditugu sindikatu guztiak, agerian geratu den egoera hau baliatuta, denok norabide berean bultzatu eta gure unibertsitatean prekaritatea desagerraraziko dituzten soluzioen alde egiteko.
EHUko Prekarioen Koordinadora