argia.eus
INPRIMATU
Zientoka izen
  • Zuhaitzen eta arbolen sarobean nabil azken urte hauetan. Larrean, abaroan eta biaoan hor nabil atera ezinik. Zuhaitzei eta arbolei aparteko begirunea diedala jabetua izango zara, tarteka behinik ARGIAren Bizi Baratzea txoko honetan ibiltzen bazara. Eta azkenaldi honetan, Iñaki eta Markel lagunekin arbolen izenekin gabiltza katramilatuta. Hona hirukote polita eta bere izen kuadrilla paregabeak:

Jakoba Errekondo 2024ko uztailaren 22a

Prunus spinosa elorri beltzaren 71 izen azaldu zaizkigu: adan, an, aran baxaka, aran tximilo, aran-hori, aran-okaran, aranarbola, aranbeltza, arantza, arantza baltz, arantze, arantzondo beltz, asto-okaran, baixaran, basaadan, basaahantze, basaelorriondo, basahana, basaka, basakanondo, basakaran, basarana, basarantze, basokaran, baxaansasi, baxaran, beltxaran, bildots-aran, elhorribeltz, elorrantza, elorrantzaondo, elorrarantza, elorrarantza beltz, elorrarantza gorri, elorri, elorri-arantza, elorribeltz, elorribeltzondo, elorritze beltz, elur-arantza, eñurriatze, errolantz, estraka, ilhorribeltz, larrantza, larrarantza, maldaan, matxakaran, maxakan, maxaran, okantximilloarbola, okaran baltz, okaran garratz, patxaran, patxaranondo, paxaonsasi, paxarandi, sabi, sasiokaran, txaran, txarriokeranondo, txerri okaran, tximbillosasi, txoriokeran, urde-aran, urri-aran, xats, xerri-aran eta xerriadan. Esaera eta atsotitz politak ere baditu: elorri beltza lili, ardia bizi; elorri xuria lili, behia bizi; elorritik atera eta sasian sartu; elorri beltza loran, zola haustera noa.

Intsusa beltza (Sambucus nigra subsp nigra) da beste bat, honek ere mordoska bat badu: intxusa, intsusa, intxosa, eltsutsa, intsusi, lintsusa, linsusa, lintxusi, lintsusi, plausta, sabuka, sabiko, sabuko, saguka, saguko, samuka, sahuka, sauka, sauke, sauko, sauku, zamuka, zaminka, sabukaondo, sabukatze, sabukitze, sagukitze, sakuta, sahukitze, sakute, satz, txotxika, txutxika, intxusa-belar, aztunpa, kukutxa, turta, urta, txakotia, takotixe, luxintxe, plausta eta fluta arbola. Aztunpa eta fluta eta horrelako izenak bere adar hustuarekin egiten zen jostailu batenak dira, zeinekin pilotatxoak botatzen ziren. Ura ere jaurtitzen zen eta hortik Damaso Intzak bere Naparroako Euskal Esaera Zarrak liburuan jasotako Bortzirietako esaera: Gero ariko da aztunpa bezala negarrez.

Baso-sagarrak (Malus sylvestris) ere badu izenetik: sagar mina, sagar makatza, makatza, txori-sagarra, sagarraraitza, sagarkoatze, basate, basaka, paxaka, patxaka, basasagar, sabar basa, baso-sagar, sagar basati, sagar-orpo, sagar zuhaitza, sagar arbola, sagar-sastraka, sagar-sabia, sagar-ondozko, sagar gezamin, sagar gazi, mintxagar, pintxagar eta sastraka. Bakaikun jasoa da berari buruzko esaera dotorea: beti gerra ematen etxean, sagarmina baino gaiztoago.

Esan beharrik ez dago, baina, izen saldo horrek ederki dio zenbaiteraino gureak ditugun. Eta… besteren bat ere izango dute, ezagutzen al duzu?