argia.eus
INPRIMATU
Getxoko Zientoetxeko biribilgunea “legez kanpokoa” dela salatu du Azkorri Bizirik plataformak
  • Getxoko Udala Zientoetxeko errepidean biribilgunea egiteko obrak "modu ilegalean" egiten ari delakoan, lanok geldiarazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, barikuan, Azkorri Bizirik plataformako kideek. Herritarrek azaldu dutenez, obren lekura gerturatu ondoren, hainbat udaltzain eta Janire Ocio Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Arloko zinegotzia hurbildu zitzaien eta horrek konpromisoa hartu zuen eurakaz berba egiteko eta bilera formal bat egiteko.

Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2020ko uztailaren 06a
Argazkia: Azkorri Bizirk.

Joan den astelehenean abiatu zituen Getxoko Udalak Azkorri inguruko Zientoetxeko errepidean biribilgune bat egiteko lanak, Goienetxeko estratako bidegurutzean. Udalak azaldu duenez, jarduera horren helburua da inguru horretan ibili ohi diren autobusen ibilbideko zirkulazio-baldintzak hobetzea, batez ere ibilgailu horiek bertan dagoen autobus-geltokiaren inguruan egiten dituzten maniobrei dagokienez.

Horren harira, Azkorri Bizirik plataformako kideek uste dute proiektu hori legez kanpokoa dela: "Biribilgunea ukitu ezin den eremua hartzen duela dirudi". Horrez gainera, zalantzan jarri dituzte Udalaren asmoak: "Ezkutuan ari direla uste dugu; izan ere, biribilguneak HAPOn proiektatutako errepidearekin bat egiten duela dirudi. Autobusen maniobraren ziurtasunaren aitzakiarekin HAPO suntsitzailea garatzen jarraitzeko maniobra egin duzuela pentsa daiteke".

Hala, atzo goizean Azkorri Bizirik plataformako kideak Azkorriko landara gerturatu ziren bertan eraikitzen ari diren biribilgunearen obrak geldiarazteko asmoz. Bertan protestan zeudela, udaltzainak eta Janire Ocio Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Arloko zinegotzia hurbildu zitzaien eta proiektuaren nondik norakoez berba egiteko bilera bat egiteko konpromisoa hartu zuten alde biek. Horrez gainera, protestan zeudenek iragarri zuten bilera egin artean obrak geldirik egongo direla esan ei ziela zinegotziak: "Jende askoren borondatez lanak gelditzea lortu dugu, baina adi ibil gaitezen zelan joango den biribilgune honen prozesu osoa". Udal-iturriek, aldiz, azpimarratu dute bilera finkatu dutela bakarrik eta obrak ez direla eten.