Baionako auzitegiak gaur aztertuko du Guy Poulou auzapezak Ziburuko Kaxkarotenia ikastolari jarritako salaketa. Auzapezak ikastolarekin zuen hitzarmena ez berritzea erabaki ostean, hauek bertan geratzea erabaki eta orain “eremu publikoa legez kanpo okupatzeagatik” epaituko dute. Hori salatzeko, 50 lagun inguruk elkarretaratzea egin dute astelehenean herriko etxearen parean.
Bi urterako hitzarmena zuten Ziburuko ikastolak eta bertako Herriko Etxeak Marinela auzoko eraikinean gelditzeko. Maiatzean, ordea, auzapezak akordioa ez berritzea erabaki zuen eta uztailaren 5ean hitzarmenaren epea bukatu zen. Lurrik eta eraikinik gabe geratzeko arriskuaren aurrean, bertan geratu ziren ikastolako langile eta ikasleak.
Orain, ikastolak epez kanpo geratutako egun bakoitzeko ehun euroko isuna ordaintzea nahi du herriko etxeak.
Ikastola nahi eta behar
Astelehenean herriko etxearen aurrean egindako elkarretaratzean ikastola nahi eta behar dutela aldarrikatu dute bertaratutako 50 bat lagunek. Guraso eta lagunez gain, zenbait hautetsiren sostengua ere jaso dute.
Sarean ikastolaren aldeko eskaria sortu eta jada 500 lagun baino gehiagok sinatu dute. Laida Mujika ikastolako zuzendaria jasotzen ari diren elkartasunarekin pozik azaldu da eta oso lagungarria zaiela adierazi du. “Guy Poulouk ikastolan bost haur garela dio, baina gehiago garela erakutsi nahi izan dugu”, esan du Mujikak.