Ziburuko auzapezak jarritako oztopei aurre egitea lortu dute Kaskarotenea ikastolako kideek. Asteazkenean hasiko dute ikasturtea haurrek ikastolaren eraikin berrian.
Herriko Etxeak Ikastolarekin zuen akordioa luzatu ez eta lurrik eta eraikinik gabe gelditu zen iaz Kaskarotenea. Urte osoan egindako borrokaren ondorioz elkartasun handia jaso du Ikastolak Euskal Herri osotik.
Laida Mujika zuzendaria “oso pozik” azaldu da eraikin berriarekin, eta erabat bukatzeko lan txiki batzuk falta badira ere, urrirako amaitzea espero dute. Bitartean, hamabost haurrek ekingo diote ikasturteari Kaskarotenea berrian.
Zuzendariak azken urtean Euskal Herri osotik jasotako elkartasuna eskertu du, laguntza ekonomiko hori gabe lurra erosteko behar zituzten 300.000 euroak eskuratzea “ezinezko izanen zitzaielako”. Aurtengo Herri Urrats jaialdiko irabaziak Ziburuko ikastolarentzat izan ziren.
Herriko Etxearekin harremanak hobetu direla ere adierazi du Mujikak, eta nolabait “abiatze berri bat” dela oraingoa: “Orain beste kezka batzuekin hasi nahi dugu, adibidez, haur gehiago iristea edo proiektu pedagogikoa lantzea”.
Hiru gela ditu ikastola berriak, eta aurreko eraikinarekin alderatuz zabalera bikoitza hartzen du. Kokapenarekin ere oso gustora agertu dira Ikastolako kideak: “Zaila da Ziburun leku hobe bat imajinatzea”, adierazi du Mujikak.