argia.eus
INPRIMATU
Ziburuko Ikastolaren kontrako mehatxu eta erasoak salatzeko manifestazioarekin bat egin du Ikastolen Elkarteak
  • Euskal Herriko Ikastolen babesa jaso du Ziburuko Kaskarotenea ikastolak. Dozenaka zuzendari, irakasle, guraso eta ikasle bildu zituen agerraldian, Ziburuko ikastola jasaten ari den erasoa gaitzetsi eta azaroaren 8ko manifestaziora deitu dute, Ikastolak ez hunki lelopean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko urriaren 27a
Ikastolen Elkartearen agerraldian, manifestaziora gerturatzeko eskatu diote euskal gizarteari, \"auzapeza ohar dadin ez dizkiogula onartuko halako erabakiak\".

4.300 eurotik gorako isuna ezarri diote Kaskaroteneari, irailaren 11z geroztik ikastolaren eraikina erabiltzeagatik. Orain, tokia berehala husteko agindua eman die Ziburuko auzapezak, eta bestela ikastola hustera jendarmeak bidaliko dituela mehatxatu du. Omiasainduko oporren ondotik, azaroaren 3an haurrak eskolara bueltatzen direnean "gerta daitekeenaren aitzinean adi egoteko deia" luzatu dute Seaskako arduradunek.

Auzapezarekin biltzeko eskatu dute ikastolako ordezkariek, auziari konponbidea eman nahian, izan ere alternatibak badaude, baina "osoki libre dagoen Zokoako Jules Ferry eskolako egoitzara joatea eragotzi nahi" die auzapezak, salatu dutenez.

"Euskaraz bizi nahi duen herriari erasoa da hau"

Esan bezala, Ikastolen Elkarteak bat egin du manifestazioarekin. Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren esanetan, "Ziburuko auzapeza ez da ari Kaskarotenearen aurka soilik. Seaskaren aurka eta ikastola mugimendu guztiaren aurka ari da. Hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainontzeko eragileek ere badute erantzukizuna".

Era berean, euskal gizarteari ere bertaratzeko eskaera egin die, "auzapeza ohar dadin ez dizkiogula onartuko halako erabakiak eta, ikastolak dei egin bezala, has dadin, elkarrizketaren bidez, benetako irtenbide baten bila".

Manifestazioa azaroaren 8an, arratsaldeko lauetan abiatuko da herriko plazatik.