argia.eus
INPRIMATU
Ziburuko ikastolak elektrizitate sorgailuarekin erantzun dio argindar mozketari
  • Esku-argi edo linternekin eta kandelekin argitu dituzte Ziburuko ikastolako gelak, Guy Poulou auzapezak argindarra moztu ostean. Leku egoki bat aurkitu arte ez direla bertatik mugituko esan du Laida Mujika zuzendariak. Larunbateko manifestazioari garrantzia eman diote Seaskatik.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 04a
2 eta 5 urteko haurrak argirik eta berogailurik gabe daude. (Arg: Sylvain Sencristo)

2 eta 5 urteko haurrak argirik eta berogailurik gabe daude, eta elektrizitate sorgailua martxan jarri badute ere, “zarata handia” egiten duen tresna dela adierazi du Mujikak. Bere hitzetan, “segurtasun aldetik ere ez da oso egokia”.

Bi urtetan lur zati txiki horretan geratzeko hitzarmena egin zuten auzapezarekin, eskola publikoko obrak burutu artean. Orain Poulou auzapezak hortik kanporatu nahi ditu ikastolako haurrak, ez diolako leku publiko bat utzi nahi “ekimen pribatu bati”.

Eskatzen dutena “leku publiko bat” dela esan du Paxkal Indok, Seaskako zuzendariak, “Seaskak eskaintzen duena ere zerbitzu publiko bat delako”.

Ikastolarentzat toki bat aurkitzeko “ahalegina” egiteko prest dagoela esan du Poulouk, eta egin duela dagoeneko. Autopista ondoko gunea proposatu diela azpimarratu du, baina gurasoek ez dutela nahi hara joan, zaratagatik.

Laida Mujika zuzendariak Berriari adierazi dio Ziburuko erdigunea utzi eta autopista ondora joatea “ikastolaren amaiera” litzatekeela, haur berririk ez litzatekeelako joango bere ustez.

Berriak bideoan jaso ditu haurrak oporretatik itzuli diren lehen eguneko irudiak, esku-argiak hartuta.

“Ez dut ezer euskararen aurka”

Poulou Marinela eraikinaren inaugurazioan izan da, eskola publikoko haurrak mugitu baitira bertara bi urteko obren ostean. Hedabideen galderei erantzun die, eta ez duela euskararen kontra ezer aitortu du, baina “epaia bete” behar dela. “Argia Seaskari eta gurasoei kendu diet, haurrei ez”.

Kontzentrazioak ostiralera arte

Auzapezaren neurrien aurkako kontzentrazioak egingo dituzte astean zehar Ziburun, 17:30ean. Kazeta.eus-ek jaso duenez, ostegunean bilkura publiko bat egingo dute ikastolakoek, “ziburutar guztien galderei erantzuteko”.

Seaskatik dei egin dute azaroaren 8ko Ziburuko ikastolaren aldeko manifestaziora joateko. 16:00etan abiatuko da martxa.