argia.eus
INPRIMATU
Ziburuko ikastola arriskuan auzapezaren “borondate faltagatik”
  • Bi urteko hitzarmena zuten Ziburuko ikastolak eta Ziburuko Herriko Etxeak. Kazeta.infok emandako albistearen arabera, maiatzaren 30ean, Guy Poulou auzapezak adierazi zien ez duela akordioa berrituko. Horren ondorioa: ikastola lurrik eta eraikinik gabe geratuko da.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 06a
Ziburuko ikastolako haurrak eta irakaslea. Argazkia: Kazeta.info

Duela bi urte sortu zen Ziburuko ikastola, ama eskolako haurrak biltzeko. Marinelako eskola publikoan obrak egin behar zituzten eta eskola horretako ikasleak aisialdi zentrora eraman zituzten. Marinelan bi eraikin prefabrikatu jartzea adostu zuen Ziburuko ikastolak Herriko Etxearekin. Obrak bukatu dira ordea, eta Marinelara itzuliko dira eskola publikoko haurrak. Akordioa ere amaitu da, eta berritzeko intentziorik ez.

Maiatzaren 30eko bileran, auzapezak prefabrikatuak Seaskaren Piarres Larzabal kolegioan ezartzea proposatu zien, baina Ziburuko ikastolaren ustez, kolegioa “ttikiegia da” eta ez ditu haurrak “oilategian” eduki nahi. Ikastolak bi proposamen luzatu dizkio. Bata, eremu publikoko aparkaleku bat uztea prefabrikatuak jasotzeko, eta bestea, auzapezak agindu zuen haur txikientzako poloa horretarako erabiltzea. Lehenengoari ezetz, eta bigarrenari, berak ez duela inoiz agindu haurrentzako polorik.

Gauzak aldatzen ez badira, datorren eskola sartzean ez dute eraikinik eta lurrik izango. Egoera salatzeko, ekainaren 9an, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Posta aitzinean. Lehenengo urratsak ez badu ondoriorik, bestelako bideak urratu beharko dituztela adierazi digu Laida Mujika Ziburuko ikastolako lehendakariak.