La Gazette de la Nivelle webgunean argitaratutako elkarrizketa batean, Ziburuko alkatearen eta hirigintzako zinegotziaren ohorea kaltetu izana leporatzen zaio Daniel Arbisa kazetariari, Kazeta.eus-ek jaso duenez. Baionako Auzitegian deklaratu beharko du datorren urtarrilean.
“Fikziozko elkarrizketa bat” izan zela dio Daniel Arbisa kazetariak. Ez dute berdin ikusten Guy Poulou Ziburuko alkateak eta Jean-Jacques Gouaillardet hirigintzako zinegotziak, hauek jarri baitute salaketa. Elkarrizketa azken honi egin zion Arbisak, teilaturik gabeko eta eraikitzeko baimenik gabeko etxe batean. Irudimenezko ideiekin hasten zen elkarrizketa, eta zinegotziak galderak ulertzen ez zituela ikusita, alkatearen aburuz “zentzugabea” den testu batekin bete zuen elkarrizketa.
Arbisak defendatu du “ezohikoa eta umoretsua” izatea zuela xede. “Irri egitea zen helburua; eraso, min egin edo difamatzeko asmorik gabe” adierazi du. Umorearen mugei buruz ere mintzatu da: “Guztiari buruz irri egin zitekeela uste nuen, baina badirudi guztiarekin ezin dela. (…) Harritu egiten nau salaketa jasotzeak, baina ez guztiz; ezagutzen ditut pertsona horiek”.
“Parodia gainditu du”
Poulouk eta Gouaillardetek ez dute ikuspegi bera. “Daniel Arbisak pertsonen ohoreari eta zintzotasunari zuzenean eragiten dioten gezurrak esan ditu, eta parodia gainditzen den momentuan, difamaziorantz joaten gara”, adierazi du hirigintzako zinegotziak.
Bukatu gabe dagoen eraikuntza bati “kritika” egitea ez da zilegi alkatearentzat ere, eta “egin beharrekoa” egin dutela –salaketa jartzea– esan du. Edonola ere, azken hitza Baionako Auzitegiak izango du. Urtarrilean izango da epaiketa.