argia.eus
INPRIMATU
Ziberespazioaren beste gobernantza eredu bat posible al da?
  • Manuela Battaglini datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua Inteneteko gobernantza ereduari buruz ariko da urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian.

iametza 2024ko urriaren 08a

Manuela Battaglini abokatua da eta marketinean eta komunikazio digitalean aditua. Etika digitalari buruz, gobernu eta administrazio publikoentzat aholkulari lanetan aritu izan da. Eskubide Digitalen Espainiako Gutunaren egileetako bat izan zen eta Transparent Internet erakundeko zuzendaria. Egun, Adimen Artifizialean doktoretza egiten ari da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan.

Battaglinirentzat Internet geruzatan banatutako iceberg bat da. Ekintza guztiak, politikoak, legezkoak, etikoak eta baita neurri ekonomikoak ere, iceberg-aren ageriko geruzan zentratzen dira. Abokatu honek dioenez, “mundu digitalean pairatzen ari garen arazo guztien jatorria sakonean dago, oligopolioz eta monopolio mugiezinez osatutako itsaso izoztuan”. Posible al da beraz, beste gobernantza eredu bat? Horri buruz mintzatuko da Euskarabildua jardunaldietan.

Battaglinik adimen artifizialak gizartean eta demokrazian dituen ondorioei buruz ikertu du, besteak beste, adimen artifizialaren oinarri diren algoritmoen eragin etikoa, soziala eta legala aztertzen aritu da eta erabaki automatizatuen diseinu etiko eta fidagarri baten metodologiaren diseinuan lan egin du.

Adimen artifizialaren oinarria algoritmoak dira, hau da, problema bat ebazteko eman behar diren urratsen deskribapen formala. Gizakiok modu naturalean gure buruan prozesatu ohi duguna, makinei erakusten diegu, haiek erantzun automatikoak eman ditzaten. Beraz, prozesamenduko arauek edo algoritmoek erantzun automatiko horietan zuzenean eragiten dute. Nork erabakitzen ditu arau horiek? Zer irizpiderekin?

Errealitate honek Battaglinik aipatzen duen iceberg-aren ideia horrekin zuzeneko lotura dauka, egun konpainia handien esku baitago mundua baldintzatzeko gai diren irizpideen gaineko ezagutza hori.

Zer da Euskarabildua?

Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten urriaren 17an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.