argia.eus
INPRIMATU
Zezenketarik gabeko Aste Nagusia aldarrikatu dute Donostian
  • Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak deitu zuen mobilizazioa, “Ez da kultura tortura da” lelopean. Donostiako Aste Nagusian zezenketak egongo dira aurten ere, jaietako egitarautik kanpo bada ere, hiru ikuskizun eskainiko dituzte abuztuaren 15,16 eta 17an Illunbeko zezen plazan. Manifestazioan sinadurak biltzen egon ziren herri ekimena aurkezteko erakundeetan.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 12a

Zezenketen aurkako manifestazioa deitu zuen Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak, igandean. Donostiako Aste Nagusian zezenketak egongo dira, abuztuaren 15,16 eta 17an. Jarduera horiek salatu dituzte mobilizazioan, “Ez da kultura tortura da” lelopean.

Donostia Antitaurina Orainek 2017an Illunbeko erabilera taurinoaren inguruko herri-galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuen sinadurak bilduta. Madrildik galdeketa hori egitea ukatu zuten, baina Eneko Goia alkateak donostiarren iritzia ezagutzeko bideak aurkituko zituela agindu zuen. Oraindik ez da biderik aurkeztu ordea.

Sinadura horiek ILP bat bultzatzeko dira, hau da, Legegintzako Herri Ekimen bat. Gaur egun, tauromakia, Espainiako Estatuko araudian, kultur ondare gisa kontsideratuta dago. Ondare izateagatik era guztietako laguntza publikoak jasotzen ditu, batetik, eta, bestetik, tauromakia debekatu edo murriztu nahi luketen herri eta autonomia-erkidegoen lana blokeatzen da. Hain justu, herri ekimen horren helburua tauromakiak kultur ondare izatetik uztea da.